donostia - Ipotx tabernakoak izan ziren lehenak Grosen. Ordurako, Easo plazan ari ziren jada pintxo-potearekin esperimenta-tzen. Ipotxeko Juan Aizpururi Solaguen etxekoek ardo kaxak oparitu zizkioten eta, promozio modura, pintxo batekin eskaini zuen basoa bi eurotan 2011ko udaberrian. Udazkenean ekimena zabaltzen hasi zen (beste edariekin ere bai), beste taberna batzuek ideia kopiatu zuten... eta hortik aurrera, Groseko kaleak gainezka daude ostegun iluntzetan.

Donostiako auzo askotan abiatu dute pintxo-potea tabernariek astegunetan negozioa animatzeko asmoz baina, dudarik gabe, Grosekoa izan da arrakastatsuena eta jada fenomeno bihurtu da. Gaur egun Zabaleta eta San Frantzisko kale inguruetan dauden taberna gehienek eskaintzen dute ostegunetan pintxo bat eta edaria bi euroren bueltan. Batzuk pintxo eskaintza zabala dute, besteek espezialitateak dituzte eta beste batzuek ordu horietan pintxo bereziak dituzte. Eskaintza zabala da, donostiarrek ezagutzen dute eta ibilbidea egiten dute ia-ia astero.

“Udan 1.200 pintxo inguru saltzen ditugu hiru ordutan eta hori asko da taberna txiki batentzat”, kontatu du Aizpuruk. Bere kasuan, errentagarria da pintxo-potea, baina eskulana “oparitzen” dutelako: negozioa txikia da eta berak eta bere emazteak prestatzen eta zerbitzatzen dituzte pintxoak, ero-tzeko modukoak izaten diren hiru ordutan. Irabaziak ez dira handiak eta pertsonala kontratatuz gero, desagertuko lirateke. Dena den, negozioa baino gehiago, promozioa da pintxo-potearen helburua tabernari askorentzat. “Jende askok ezagutu gaitu ostegunetan eta gero beste egun batean bueltatu dira”, aipatu du Aizpuruk. Gainera, pintxo-poterik ez balego, ostegun arratsaldetan aspertuta eta bezerorik gabe egongo lirateke barrak, “eta kajak hutsak”, gaineratu du Ipotxeko arduradunak.

Ipotxekoak 2011ko udazkenean hasi ziren pintxo-potearekin eta 2012rako jada asko ziren eskain-tza bera egiten zuten inguruko tabernak. Hiru urte daramatzate auzoa animatzen astero-astero eta, momentuz, jarraituko dute. Pintxoa eta edaria, bi euroren bueltan.