donostia - Dbizi Donostiako bizikleta publikoen sistemak lau geldiune gehiago jarri ditu martxan. Zehazki, Amara Berriko Isabel II.a kalean, Loiolako Erriberetako Humboldt kalean, Erdialdeko Arrasate kalean eta Intxaurrondoko Sagastieder plazan kokatu dira. Azken estazio horren bidez lehenengo aldiz auzo aldapatsu batera helduko dira Dbizi eta alokairuzko bizikletak.

Donostiako Udalak argitu duenez, estazio hauek bestelako hobekun-tzak ere ekarri dizkiote sistemari. Batetik, txirrinda berriek diseinu desberdina dute eta erabiltzaileari errazago eta erosoago izango zaio haiek gidatzea. Bestalde, bizikletak lotzeko oinarriek ezker aldean zirrikitu bat dute txartela irakurtzeko eta bizikleta hartzea eta uztea errazago izateko egokitu dira. Gainera, led argi bat izango dute, oinarri bakoitzaren erabilgarritasuna azkarrago sumatu ahal izateko.

Bestalde, estazio berri hauek totem eredu berria dute, 2015ean zehar beste estazioetara hedatuko dena, eta noizbehinkako abonoak hartzeko edota kredito txartel bidez ordaintzeko aukera emango dute.

Azkenik, Dbizi sistemak 50 bizikleta elektriko gehiago izango ditu, arinagoak eta zaluagoak. Bizikleta berri hauek lehengoekin batera funtzionatuko dute eta orotara 125 izango dira erabilgarri daudenak 16 geltokietan barreiaturik.

17.000 erabilera 2013an hasi zen lanean Bonopark enpresa Dbizi sistema berrituarekin eta bizikleta publikoen erabilera nabarmen hazi da ordutik, batez ere, aurten. Irailean, adibidez, 17.000 erabilera izan ziren. Gainera, 1.600 bazkide baino gehiago ditu sistemak gaur egun. Erabiltzailearen profila 50 eta 60 urte bitarteko gizonezkoarena da. - N.G.