donostia - Kirol txartela solidarioak 2013 urtean Ghanan lagundutako proiektua dagoeneko bukatuta dago. Ghanako mendebaldean dagoen Knonsiako eskola lursailean eraiki eta ekipatu den boleibol pista inauguratu dute, Arquitectos Sin Fronteras elkartearen eskutik, eskualde horren eskola publikoaren sarea bultzatzea bila-tzen duen proiektu orokorrago baten baitan.

2014 urteko kirol txartela solidarioak laguntzen duen proiektua ere martxa onean doa. AmigoSolidarios elkartea Ugandako Jinja-Bujagali herrian egiten ari den lehen hezkuntzako ikastetxe baten proiektuaren barruan, kirol gune bat eraikitzea da asmoa. Datorren urtean ekipamendu hori martxan egotea aurreikusten da.

Kirol txartela solidarioa ekimenak 2015 urtean martxan jarraituko du eta Donostia Kirolak harpidedun guztiei gonbidapena luzatu nahi die, ekimen solidario honen bidez datorren urtean lagunduko den proiektua aukeratzeko programa edo erakundeen proposamenak aurkeztu ditzaten.

Kirol txartelako harpidedun berri bakoitzeko euro bat bideratzen du Donostia Kirolak proiektu solidario bat garatzeko (urtean gehienez 5.000 euro dira). - N.G.