TXISTU hotsek eman zioten hasiera omenaldiari. Atzo arratsaldeko 19.00etan, Donostiako udaletxeko osoko bilkuren aretoan, udal ordezkariek eta senide eta lagunek Gerra garaian errepresaliatutako langileak izan zituzten gogoan.
Guztira 1.623 udal langile izan ziren erregimen frankistak ezarritako neurri latzak pairatu zituztenak, Aranzadik burututako ikerketaren arabera. Horietako ba-tzuei espedienteak zabaldu zizkieten, beste batzuek espetxe zigorrak sufritu zituzten eta beste batzuek heriotz zigorrak ere bai. Bedera-tzi langile ere fusilatu zituzten eta, horien artean, musikari bat, sereno bat eta kale garbitzaile bat zeuden, besteak beste.
"berandu"
Diploma eta liburua
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek gidatu zuen atzo arratsaldeko omenaldia eta barkamena eskatu zien langile guztien senideei omenaldia "berandu" egiteagatik. Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Egañak ere hartu zuten hi-tza eta urte haietan udal langileek pairatu zutena kontatu zuen, udal ordezkarien aurrean eta osoko bilkuren aretoa betetzen zuten senide eta lagunen aurrean. Ondoren, Gipuzkoako Aldundiko Marina Bidasoro Giza Eskubideen zuzendariak ere hitz egin zuen.
Udalak liburu batean bildu ditu langile horien guztien izen eta abizenak eta, bakoitzaren izena irakurri ondoren, ale bana banatu zien atzo omenaldira joandako senide eta lagunei. Diploma bat ere entregatu zien, urte haietan Udalean egindako lana aitortzeko.
Omenaldia xumea izan zen, baina bertaratutako bat baino gehiago emozionatu zen haien senitartekoek bizitakoak eta sufritutakoak entzutean. Udal talde guztietako ordezkariak ere izan ziren atzo arratsaldeko ekitaldian.