Donostia. Umeekin patxada handiagoarekin egoteko tartea Donostiara iritsi eta minutu gutxira etorri zen Meltxorrentzat, Gasparrentzat eta Baltasarrentzat. Txitetan udaletxera heldu, haien aulkietan eseri eta Alderdi Ederreko ateak zabaldu zituzten 15.30ean, umeak pasatzeko. Ordurako ilara oso luzea zen: ordubete falta zenean oraindik kola Andia kaleraino heltzen zen.
Eta barrura sartu arte zain eman zuten denbora horretan gaztetxoak ezin urduriago zeuden. "Hain nerbiosa nago tripako mina daukadala, ama", zioen gaztetxo batek. Donostiako eta Hendaiako Naira, Lucía, Alaia eta Aingeru lehengusuak ere urduri zeuden, udaletxera sartzeko minutu batzuk falta zi-tzaizkienean. Patinete bat eta Barbie bat eskatu diete aurten Erregeei. "Oso txintxoak izan gara", aitortu zuten.
"Guk batzutan borrokan egin dugu...", aitortu zuen bost urteko Mikel Ruizek, lau urte zaharragoa den Unai anaiari begira. Gazteenak trenak eskatu dizkie aurten Erregeei. Meltxorri, hobeto esanda. Baina bere gurasoez ere gogoratu da: "Pultsera bat ere eskatu diot amarentzat".
"Txapeldun esan dit Baltasarrek", kontatu zuen emozionatuta udaletxetik ateratakoan hiru urteko Gorka Sánchez donostiarrak. Bost urteko Danel Ruiz de Gauna lagunarekin egin zien bisita Erregeei, eta honek sartu aurretik urduri samar bazegoela onartu zuen. Bakoitzak bere karta eman eta gozokiak jaso zituzten.
Erregeekin segundu batzuk bakarrik pasa zituzten baina, dudarik gabe, itxaronaldiak merezi izan zuela ziur zeuden Iker eta Beatriz Herrero lau urteko bikiak: udaletxera sartzeko ilaran 14.15etik zeuden, gurasoekin.
Denbora aurrera zihoan eta Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek ezin izan zuten Alderdi Ederren bildutako gaztetxo guztiekin egon, 17.30ean Kabalgatan atera-tzeko prestatu behar zuten eta. Hala ere, haien pajeak lanean geratu ziren, oraindik zain zeuden donostiar guztien eskutitzak jaso ahal izateko.
desfilea
1.200 kilo gozoki
Minutu gutxi beranduago, 18.00etan, atera ziren berriz Erregeak kalera. Eta, oraingoan, txitak utzi eta haien karrozetan igo ziren, urteroko desfilea egiteko Erdialdeko kaleetan zehar.
Txarangen eta trikitilarien musika lagun eta pajeen antortxen atzetik (sua itzaltzen bazen, patinetan zihoan beste paje bat arduratzen zen berriz ere pizteaz), Meltxor izan zen lehena ateratzen. Bi zebra zituen karrozan eta goiko aldetik Hernani kaleko alde batean eta bestean bildutako milaka umeak agurtu zituen Erregeak eta milaka gozoki jaurti zizkien. Guztira, desfile osoan zehar, 1.200 kilo gozoki banatu zituzten Erregeek eta haien laguntzaileek, eta guztiak zeliakoentzat ere egokiak ziren.
Paje gehiago, musika gehiago eta Gaspar etorri zen ondoren, Egiptoko irudiak zituen karroza handi baten gainean. Baltasarrek, aldiz, Afrikako itxura zuen karroza zeraman, hiru gorila handi alde batean eta bestean zituela.
Ohi bezala, astoak ere izan zituzten lagun Erregeek opariak eramateko. Txu-txu trenak eta suhiltzaileek ere parte hartu zuten kabalgatan karrozen atzetik. Guztira, 500 lagun baino gehiago izan zituzten ondoan Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek desfile osoan zehar.
Askatasunaren hiribidea zeharkatu, Urbieta, Prim eta Bergara kaleak pasa, Gipuzkoako plaza bisitatu eta berriz ere Bulebarrera iritsi ziren Erregeak. Ibilbidearen ondoren, hala ere, lanean jarraitu zuten eta Donostiako ospitalera joan ziren gaixo dauden umeak ere bisitatzera.
Ondoren, afaldu eta benetako lan gogorrari ekin zioten: gaur goizean etxe guztietan topatu diren opariak banatzeari. Dagoeneko deskatsa-tzen eta etxerako bidean izango dira berriz.