Donostia. Euskal Herriko Unibertsitateak Gipuzkoako Campusean kanpoko kirol instalazio berriak estrenatu zituen atzo, Ibaetako Olarain kalean (Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren atzean). Bi miloi euro inguruko inbertsioa egin du Kutxak eta lanak LKS Ingenieria S. Coopek egin ditu.
Padelera jokatzeko estalitako lau pista; tenisera jokatzeko kanpoko pista bat; saskibaloira, eskubaloira edo futbitora jokatzeko erabilera anitzeko bi kanpoko pista eta harmailak eraiki dituzte. Lau aldagela ere badaude: bi gizonezko zein emakumezko jokalarientzat eta beste bi arbitroentzat. Dutxak eta komunak ere eraiki dituzte instalazioetan eta harrera bulegoa ere bai.
EHUk atzo azaldu zuenez, kanpoko enpresa batek kudeatuko du azpiegitura berria. Oraindik enpresa adjudikatzeko lehiaketa librearen prozesua amaitu gabe dago. Esleipendun enpresaren betebeharrak, besteak beste, kirol instalazioen ekintzak dinamizatzea izango da, eta baita etekina zein mantentze lanak egitea ere.
Kirol instalazio berriak unibertsitateko kideei daude bereziki zuzenduta baina gizarte osoari zabalik daude, eta batzuk eta besteek ordaindu beharreko sarreraren berri kudeaketa esleitzean emango da.
"EHUrentzat kirola bere irakaskuntzaren eta prestakuntzaren eskaintzaren atal bat gehiago da", azaldu zuen Cristina Uriarte EHUko Gipuzkoako errektoreordeak.