Donostia. Entsalada lehiaketa, sagardo azoka Grosen eta sardina jatea Eason. Horiek izan dira aurtengo Aste Nagusiko berrikuntza gastronomikoak eta, momentuz, emaitza ona izaten ari direla dirudi. Hasteko, Katalunia plazako karpa bisitatu dutenak dagoeneko dezente dira eta atzo sardina bila ere joan ziren donostiarrak Easo plazara.

Arratsaldeko 20.00etan zen hi-tzordua eta erdigunetik eta festaguneetatik buelta bat eman ondoren gerturatu ziren zaleak Amara Zaharrera, goseti. Sardina usaina urrutitik antzeman zuten gehienek. Afalaurretik platerkada bat edo bi probatu zituzten bertaratutakoek, sagardoa lagun. Estanga trikitilarien musika ere izan zuten lagun sardinak erretzen jarraitzen zuten bitartean.

Atzoko saioaren ondoren, larunbat arratsean izango da berriz Easo plazan sardinak probatzeko aukera. Erantzunaren arabera ikusiko da Amarako jai batzordeak antolatutako hitzordu berriak Aste Nagusiko programan jarraitzen duen edo ez datorren urtean. >n.g.