Donostia. Donostian euskararen presentzian eta historian oinarritutako bisita gidatuak izango dira abuztuan zehar. Ibilaldi hauek Donostiako Turismo Bulegoak programatu ditu, Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartearekin eta Mara Mara enpresarekin batera.
Bisitak turistei Donostia betidanik hiri euskaldun bat izan dela helarazteko helburua dauka: "Donostia euskal hiria izan da beti. Historia luze honen lekuko dira ohitura tradizionalak, komunikabideak, bertako erakundeak, toponimia, kultura, gaur egungo suspertze egoera...".
Bi orduko iraupena duen ibilbide gidatuak hamabi geldialdi izango ditu. Horien artean, Donostiako udaletxea, Foru Aldundia, Herri Irratia, Konstituzio plaza, Sarriegi plaza eta portua bisitatuko dira. Antzoki Zaharra ere bisitatuko da: bertan Indalezio Bizkarrondo Bilintxek lan egin zuen. Mikel Laboa zenaren jaioetxean ere geldituko da ibilaldia.
Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez eskainiko dira bisitak eta hamabi euroko prezioa izango dute. Abuztuaren 6an, 13an, 17an, 20an eta 27an izango dira. Irailean, aldiz, 3an, 10ean, 17an eta 24ean. Egun bakoitzeko bi ordutegi izango dira, goizez (12.00etan) eta arratsaldez (17.00etan). Interesa dutenek, Bulebarreko turismo bulegoan kontratatu dezakete ibilaldia