Donostia. Urdaneta kalean bidegorri bat egiteari ekin zioten atzo eta astebeteko epean erabilgarri egotea aurreikusten du Donostiako Udalak. Koldo Mitxelena kulturunearen parean oinezkoekin batera erabiltzen den eremua eta Easo kaleko bidegorria lotuko ditu bide berriak.

Jon Albizu Mugikortasun zinego-tziaren hitzetan, bidegorri zati berria sarea osatzera dator: "Lan txikia bada ere, bere garrantzia dauka, izan ere, lotura berri bat egitera dator. Donostiako bidegorri sarea, hortaz, gero eta sendoagoa izateaz gain, gero eta osatuago dagoela esan dezakegu".

Hiriko bidegorri sareak jada 56 kilometro ditu, ibilgailuekin eta oinezkoekin batera erabiltzekoak diren zatiak aintzat hartuta. Nafarroa etorbidekoa da aurreikusita dagoen hurrengo bidegorri zatia.

atotxako estazioa Bestalde, udal Gobernuak Adifi eta Sustapen Ministerioari "behingoz erabaki bat hartu dezaten" eskatu die domeinu eta eraikuntza eremuen murrizketaren inguruan, Atotxako estazioko obrak hasi ahal izateko. Udal iturrien arabera, Adifek Sustapen Ministerioari dagokiola baimena ematea esan zion eta, txostena bidalita, erabakiaren zain (eta Aldundiak osatu behar duen ingurumen txostenaren zain) jarraitzen du Udalak Atotxako lanei ekin ahal izateko.

"Udalak ez dauka AHT Donostiara iritsiko ote den ala ez argitzen duen informaziorik, ezta iristekotan zein ibilbide izango lukeen. Eta gai hau berebizikoa da Txomin-Eneako operazioa martxan jartzea posible den ala ez jakiteko", gaineratu zuen Obra eta Proiektuetako zinegotzi Nora Galparsorok.