Donostia. Donostiako Piratek hamar urte bete eta antolatzeko modua aldatzea erabaki dute. Hala, alor desberdinak lantzeko talde edo kofradiak osatzea da helburua eta, momentuz, gazteena sortu dute: Eskifaia izenarekin bataiatu dute eta atzo goizean Kontxako hondarrean irudikatu zuten aukeratu duten logoa, Piraten ohiko irudiaren bertsio bat, alegia.
Momentuz, eta Aste Nagusiko programa osatzeko lanean ari direnez, gazte kofradia honen eginkizuna datozen festetako koadrila eguna antolatzea izango da: iazko pintxo lehiaketa errepikatuko dute, bazkari herrikoia ere bai... Eta gazte sortzaileei tarte bat ere eskainiko diete.
Aste Nagusiaz gain, orokorrean, jende gaztearentzat eta gaztearekin jardutea izango dute helburu, Piraten taldearen baitan. Eskifaia kofradian gutxi gorabehera Donostiako 50 koadriletako ordezkariak daude.
Antolaketa eredua aldatzea eta taldeka aritzea hamar urte bete eta Piratek iaz burututako lehen biltzarraren ondorioa izan zen. Hala, beste alor batzuk lantzeko talde edo kofradia gehiago osatzen joateko asmoa ere badute aurrerantzean, adibidez, gastronomikoa.
aste nagusia Momentuz, dena den, Piratek Aste Nagusiko egitaraua prestatzen jarraitzen dute. Iaz bezala, portuan izango dute, seguruenik, haien txokoa, aste osoan zehar hainbat ekitaldi eta joku antolatzeko. Hitzordu nagusia, nola ez, abordaia izango da, abuztuaren 13an.
Aurten, gainera, hamar urte betetzen dituztela eta Artillero abesteko arduradunak izango dira Donostiako Piratak Alderdi Ederreko kainoikadan, Aste Nagusiari hasiera emateko.