Donostia. 2012an hamargarren urteurrena beteko dute Donostiako Piratek. Alde Zaharreko lagun talde baten ekimena izan zen hasieran, baina urteen poderioz, Aste Nagusiko proposamen jendetsuenetako bilakatu da Donostiako Piraten Abordaia. "Jaietan hutsune bat zegoela identifikatzea" izan omen da arrakastaren klabea. "Donostiarrok benetan gogoko ditugu ekimen parte-hartzaileak eta hor dugu erreferente piloa: auzoetako jaiak, Danborrada eta abar. Donostian bagenuen hazia jarrita eta, Aste Nagusian, hazi horri bultzada ematea falta zitzaigun", azaldu du Aritz Barela Donostiako Piraten ordezkariak.

Piraten kontua martxan jartzea bururatu zitzaizuenean, uste al zenuten horrenbesteko arrakasta izango zuenik?

Ideia lagun talde baten ekimenez sortu zen. Aste Nagusi alternatibo bat eratu nahi genuen, baina gure asmoa ez zen indarrean zegoen jai ereduari kontra egitea, baizik eta aukera osagarria eskaintzea. Lehenengo urtean zortzi koadrila atera ginen Abordaian; joan den udan, berriz, 5.000 pirata bildu genituen. Hazkundea ikaragarria izan da.

Zein da zuen ustez arrakasta horren klabea?

Donostiarrok benetan gogoko ditugu ekimen parte-hartzaileak eta hor erreferente pila bat ditugu: auzoetako jaiak, Danborrada eta abar. Donostian bagenuen hazia jarrita eta, Aste Nagusian, hazi horri bultzada ematea falta zitzaigun. Agian gure arrakasta izan da hu-tsune bat zegoela identifikatzea.

Martuteneko uholdeak gertatu zirenean, Piratak bertan egon zineten.

Orain arte herritarrek guri eman digutena modu batean itzultzeko beharra genuela uste genuen eta horregatik Martuteneko uholdeak gertatu zirenean laguntzea erabaki genuen. Finean, gure altxorrik handiena gure eskuak dira.

Piraten mugimendua jaietatik harago zabaltzeko asmoa duzue?

Egia da hamar urteren buruan mugimendua heldu egin dela, baina gu ez gara anbizio handiko pertsonak eta bidea pixkanaka egitea da gure helburua. Egia da unean-unean sortzen diren gertakizunek ere bide hori bera markatu egingo digutela, baina Aste Nagusia alternatiboa sortzeaz gain, ez dugu bestelako helbururik.

Zein da zuen filosofia?

Gure identitatea zabala da oso. Batez ere, parte-hartzaileak euskaldunak eta parekideak gara eta txapela horren azpian donostiar ugari sartzen dira. Abordaian, esate baterako, helduak, umeak eta era askotako pertsonak elkartzen dira eta horregatik da benetan aberatsa.

Zeintzuk dira etorkizunari begira dituzuen helburuak?

Behin bidea hasi ondoren, orain gure antolakuntza sendotu nahi dugu. Orain arte, inprobisatzen joan gara, eta seriotasun handiagoarekin lan egiten hasi nahi dugu. Izan ere, Abordaia bezalako ardura handiko ekimenak antolatzen ditugu eta ekimena handitu den heinean, gure aldetik ere antolatzeko modua hobetu egin behar dugu. Alternatiboa izateak ez du esan nahi serioa izan behar ez duenik.

Zer suposatzen du Abordaia bezalako ekimen bat antolatzeak?

Hasiera batean, koadrila gutxi ba-tzuk ateratzen ginenean, antolakuntza sinple-sinplea zen. Gaur egun, ordea, segurtasun neurri zorrotzak jarri behar ditugu martxan dena ondo atera dadin. Adibidez, hamabi urpekari egoten dira ibilbide osoan eta beraiei esker, norbait hondoratuko balitz, 47 segundotan ateratzeko gai izango ginateke. Horrez gainera, jende pila bat mobilizatu behar izaten dugu: anbulantziak, suhiltzaileak, osasun arloko boluntarioak eta abar.

Aurten hamar urte beteko dituzue. Nolakoa izango da 2012ko edizioa?

Alde batetik udal Gobernuaren aldaketa onuragarria izango dela uste dugu, gurea bezalako planteamenduek leku gehiago baitute orain dugun Gobernuarekin. Bestalde, hamargarren urteurrena dela eta, kartel lehiaketa bat antolatuko dugu. Abordaia ere berezia izango da eta inoiz baino jendetsuagoa izatea espero dugu. Horrez gain, urte osoan zehar hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dugu, bete dugun urte bakoitzeko ekimen bat antolatuz: argazki erakusketak, dokumentala eta abar.