Donostia. Donostiako haurtxokoen udal sarean Haurren elkartasun ekimena jarri dute martxan egun hauetan. Sei eta hamabi urte bitarteko haurrekin taldeak osatu eta hiriko sei haurtxokotan lankidetza eta solidaritatea landuko dituzte.

Horretarako, Donostiako haurtxokoak munduko hainbat herrialdetan lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GKE) elkarlanean arituko dira. GKE horietako ordezkari batzuk gaztetxoei bisita egin eta haien proiektuen inguruan hitz egingo diete: gertutik erakutsiko diete zer lan egiten duten eta gazteek haien zalantzak agertu eta galderak egiteko aukera izango dute.

Gainera, haurtxokoetan haurrek eskulanak egingo dituzte egun hauetan eta ondoren auzoz auzo postuak jarri eta salgai jarriko dituzte. Paparrekoak, eskumuturrekoak, marka orriak, Gabonetako apaingarriak eta horrelakoak salduko dituzte eta lortzen duten dirua GKE bakoitzak kudeatzen duen elkartasun proiektura bideratuko dute.

elkarteak Proiektu honetan parte hartuko duten GKEak El Caracol (Mexico D.F.n gizarte bazterketa bizi duten haurrekin proiektuak garatzen dituzte), Alboan (Hego Amerika, India eta Afrikako zenbait herrietako haurren egoera hobetzeko lan egiten duen elkartea da), Adsis Fundazioa (Boliviako Al Alto herrian daraman proiektua azalduko dute), Proclade (Afrikan zehar hainbat proiektu dituen elkartea da), Rads (Sahara kanpaldietan bizi diren haurren egoera hobe-tzeko lan egiten dute) eta Inter Red (Bogotako haur langileekin daraman proiektua azalduko dute) dira.