IRAGARRITA zegoen baina, hala ere, euria izan zen, beste behin, Santo Tomas eguneko protagonistetako bat, Felixirekin eta festazaleekin lehian, nor baino nor. Eguna gris esnatu zen atzo eta gris bukatu, baina horri aurre egiteko nahikoak izan ziren Donostia bete zuten milaka lagunen baserritar jantzietako koloreak eta, nola ez, txistorraren gorria.

Hasieran tarteka ari zuen euria eta tarteka bete eta hustu egin zen Konstituzio plaza, goiz osoan zehar. Urak plaza betetzen zuenean, festak arkupetan jarraitzen zuen ordea, ohi bezala. Gainera, goiz partean milaka lagun izan ziren Konstituzio plazan Felixi festako erregina agurtzen eta argazkiak ateratzen. Leitzako txerriak okasiorako flashen aurrean zutik mantentzea lortu zuen.

Tartean, eta jendetza iritsi baino lehen, Konstituzio plaza erdian kokatutako fruta eta berdura postuek ere izan zituzten bisitak. "Goiz partean izaten ditugu gehienak eta saldu, saltzen dugu horrelako azoketan", aitortu zuten Hernaniko Zabaloenea baserrikoek. Errege sagarrak saldu zituzten atzo, batez ere.

Euriak etena eman zuen tarteetan Santo Tomas berriz ere arkupeetatik atera eta plaza hartu zuen. "Agobio pixka bat badugu", aitortu zuten horrelako batean Luberri institutoko ikasle batek, txistorrari zartagian buelta ematen zion bitartean. Oraindik ez zuten horrenbesteko jendetzarik zain mostradorearen beste aldean, baina ordurako bokata dezente banatuak zituzten. Lortutako diruarekin Amsterdamerako ikasbidaia ordaintzeko asmoa zuten gazteek, parte batean behintzat.

zeruari begira

"Momentuz, horrela-horrela"

Baina txistorra banatzen atzo atera behar zuten dirua ikasbidaietara ez ezik, bestelako proiektuetara ere bidali behar dute. Adibidez, Saharan erditzeko gela bat eraikitzera. Horretara bideratu behar dute Altzako Ibiliz taldekoek atzo Konstituzio plazako postuan lortutakoa. "Momentuz horrela-horrela doa eguna", kontatu zuen Itziarrek zeruari begira.

Gehienak berriak ziren Santo Tomasetan txistorra prestatzen, baina bazeuden beteranoak ere. Esaterako, Leitzako talogileak. Fabrika baten moduan, lana katean egiten zuten nafarrek, ia etenik gabe: masa prestatu, zapaldu, plantxan egin, txistorraz bete eta saldu. 20 bat lagun ari ziren jo eta ke Konstituzio plazan, mostradorearen beste aldean zegoen ilarari taloak saldu eta saldu. Bakoi-tza, bost euroren truke.

Iaz bezala, eta kontuan izanda talo postuek izaten duten arrakasta, hamabost talogile kokatu ziren Alde Zaharrean eta Gipuzkoako plazaren inguruko postuetan, txistorra bokatak eta pastelak eta gozoak saltzen zituztenen postuen artean. Eta hor eta hemen festaren gune guztietan komun kimikoak ere jarri zituzten, 75 guztira. Iaz bezala, festara etorritako milaka pertsonek hiriko kaleak ahalik eta gutxien zikintzea zen komunen asmoa.

Komunak eskertu zituzten Donostiako kaleetan bildutako milaka lagunek, mutilek bereziki. Euria indartzen ari zen neurrian eta orduek aurrera egin ahala, tabernetako mostradoreek hartu zuten kaleko postuen lekukoa eta taberna horietako komunetara sartzea lortzea, askorentzat, abentura izan zen.

Abentura horri, dena den, eta baita euriari ere, aurre egin zioten baserritar jantzia soinean Santo Tomas eguna ospatzera irten ziren donostiar eta bisitari guztiek. Txistorra bokata eta sagardoa nahikoa izan ziren (aterkiaren eta xiraren laguntzarekin) giroan murgildu eta hiriko bigarren festa kuttunena behar bezala ospatzeko. Arkupetan eta tabernetan ospatu behar badute, horretara ohituta daude eta umorez hartu zuten donostiar gehienek euriaren bisita. Festa zapuzteko, behintzat, ur pixka bat baino askoz ere gehiago behar du Donostiako Santo Tomasek.