Haize berriak Benta Berrin
Aixebe elkartea inauguratuko dute gaur auzoko haurrentzat prestatutako jokuekin
BENTA Berriko 50 bikotek Aixebe elkartea inauguratuko dute gaur arratsaldean. Elkarte mota berria izango da betiko elkarte gastronomikoekin alderatuta, batez ere umeek eta familia giroak izango duten lekuagatik. Izan ere, Aixebeko bazkide gehienek seme-alabak dituzte eta haiekin egoteko lekua ere izango da Oihenart kalean kokatutako egoitza.
Horregatik, gaur haurrekin ospatuko dute elkarte berriaren irekiera, eta gaztetxoek eta gurasoek batera pasatzeko arratsalde berezia prestatu dute. 16.00etatik aurrera marrazki lehiaketa izango da, gero garagardo barrikotea zabalduko dute helduentzat, merendola izango dute haurrek, tortilla txapelketa, mago baten emanaldia, danborrada... Hori guztia 20.30era arte.
Ekitaldiak auzoko haur guztiei zabalik daude, Aixebe Benta Berrin ezagutzera eman nahi dutelako elkarteko bazkideek. Hori bai, gaualdean elkarteko ateak itxi eta bazkideek haien lehenengo afaria egingo dute, instalazioak estreinatzeko. Pablo Vicari sukaldariak okasiorako prestatutako menua dastatuko dute.
"Gogoa geneukan azkenik estreinatzeko", onartu du Esteban Basterretxea Aixebeko kideak. Izan ere, urtebete baino gehiago pasa da auzoko bikote batzuk bildu eta elkartea sortzeko lanetan hasi zirela.
ibilbidea
Leku aproposa
"Lehenengo lokal bat behar genuen, eta aukeratzea kostatu zi-tzaigun. Baina oso ondo dago aukeratu genuena, sarrera Oihenart kalean duelako (oinezkoa da) eta ondoan parke bat ere baduelako, haurrentzat aproposa", azaldu du Basterretxeak. Gero hamaika tramite osatu eta lokala presta-tzeko lanak etorri ziren, baina dagoeneko guztia (edo ia) prest dute.
Oraindik bukatzeko dute, adibidez, elkartearen barruan dagoen altillo bat txukuntzea. Kontuan hartuta gurasoak umeekin egoteko lekua izango dela, gaztetxoentzat mahaiak eta txoko bat prestatu nahi dute hor. Bestalde, eta haurrak sartuko zirela eta familia giroa bultzatu nahi zutela kontuan hartuta, ez erretzeko erabakia ere hartu zuten Aixebeko kideek ia hasieratik.
50 bikotek eta 100 pertsonek osa-tzen dute momentuz Aixebe elkarte berria, baina dagoeneko auzotar gehiago dituzte itxaron zerrendan.