Síguenos en redes sociales:

Amara Zaharra 2012ko egutegian

auzo elkarteak argazkiak biltzeari ekin dio datorren urteko egutegia sortzeko Egungo irudiak jaso nahi dituzte, ez zaharrak, amaratarrek "aurrera begiratu" behar dutela uste baitute

Amara Zaharra 2012ko egutegian

Donostia. Amara Zaharrak 2012ko egutegi propioa izango du. Horretarako ari dira lanean AmaraBai auzo elkartekoak. Duela aste batzuk ekin zioten auzoko argazkiak biltzeari eta horiekin sortu nahi dute datorren urteko egutegia.

Ez dituzte argazki zaharrak nahi, ordea. Egungo Amara Zaharraren irudiak nahi dituzte, auzoak atzera baino "aurrera begiratu" behar duelako haien ustez, etorkizunera. Gainera, "gaurko argazkiak jada datorren urterako iragana izango dira", dio AmaraBai elkarteko kide Harkaitz Aranburuk.

Momentuz auzoan azkenaldian izandako ekitaldi kultural eta berezietako argazkiak jaso dituzte: auzoko jaietakoak, Korrika hartu zutenekoak... Baina, horiez gain, Amara Zaharreko egunerokotasuna islatuko duten argazkiak ere nahi dituzte.

Lehenengo aldia da egutegi propioa sortzeko lanetan murgildu direla eta AmaraBai elkarteak garbi dauka egitasmoan "auzotarrak inplikatu" nahi dituela. Horregatik zabaldu die deia, nahi dutenek aurkez dezaten Amaran ateratako argazkiren bat, gero egutegian jasotzeko.

entregatze data Abenduaren 21era arte luzatuko dute irudiak aurkezteko epea eta auzotarrek amarabai@euskalerria.org helbidera bidali ditzakete haien argazkiak. Bestela, auzo elkarteko kideekin ere jar daitezke harremanetan argazkiak entregatzeko.

Data hori jarrita, dena den, badakite, esaterako, Olentzeroren etorreraren argazkiak kanpoan utzi beharko dituztela aurten. Gainera, ikazkinak Amara Zaharrera egingo duen bisita berezia izango dela aurreratu dute auzo elkartekoek.

Santo Tomaserako jasotako argazkien artean hamahiru aukeratuko dituzte eta horiekin egutegia prestatuko dute: irudi bat portadan jarriko dute eta gainerakoak, hilabete bakoitzaren orrialdean. Urtarrila hasierarako prest edukitzea da haien asmoa, 2012ko lehen egun horietan banatu ahal izateko.

Salgai jarriko dute egutegia auzoan bertan, baina prezio baxua izango duela aurreratu dute, ahalik eta pertsona gehienek eskura dezaten.

Hala, ekimen honi esker datorren urteari auzotik ekingo diote amaratarrek, haiek sortutako egutegia izango baitute etxean edo lantokian.