PIRATAK, krokodilo bat, itsasontziak, altxorrak... Gauza gutxi falta dira Igeldoko parkeak zabaldu duen areto berrian etxeko txikiek piraten pelikula edo ipuin batean barnera daitezen. Guztia, gainera, hiru atrakzio dituen eta itxita dagoen gela handi batean.
Donostiako edo Gipuzkoako umeek haien urtebetetze festak ospatu ditzaten gune berria eskaintzea da Igeldo Pirata Park areto berriaren helburua. Hala, udan ez ezik, eguraldi txarra eta hotza egiten badu ere, Igeldon badagoela zer egina erakutsi nahi dute parkeko arduradunek, neguko asteburuetarako ere plan aproposa bihurtu nahi baitute parkea. Horregatik eraberritu dute aretoa eta gune tematiko bihurtu, batez ere sei eta zazpi urte arteko gaztetxoentzat zuzenduta.
Bertan hiru atrakzioetan igo eta merienda ere har dezakete gaztetxoek, hori bai, piraten konpainiarekin.
Pilar Pascual Monte Igueldo SAko alboko zuzendariak agertu duenez, piraten gaia aukeratu izana ere ez da kasualitatea izan: parke guztiko atrakzioek istorio bat osatzeko lanean ari dira, inguru guztiari bestelako batasun bat emateko. Ipuin horretan, noski, ez dira falta ez dragoiak, ez sorginak eta ezta lamiak ere.
Horietako pertsonaia batzuk badaude, dagoeneko, ikusgai duela gutxi berritutako labirintoan. Atrakzio hau parkean ia hasieratik dagoenetako bat da, baina berriki eraberritu dute. Orain, esaterako, bide estuetan galduta alde batera eta bestera dabiltzanak sorginak eta lamiak topatuko ditu, suaren inguruan.
Eta haien irudiak marraztu dituzte, baita ere, aurten estreinatzen duten karruselaren sabaian.
Horiez gain, betiko atrakzioak eskaintzen jarraitzen du Igeldok, bere nortasun hori osatu dutenak. Suitzako mendiak bueltaka jarraitzen du, dragoi batek tiratuta, hori ere; ibai misteriotsuko barkuetan txikiek algara dezente egiten dituzte eta baita kanoetan ere. Besteak beste, hiru atrakzio horiek eta labirintoa dira Igeldon 80 urte baino gehiagoz martxan ari direnak eta parkeko arduradunek bere horretan mantenduko dituztenak baita etorkizunean ere.
beste berrikuntza
Gipuzkoako denda, bisitarientzat
Aste Santutik aurrera egunero egoten da zabalik parkea irailera arte, eta bisitariez lepo, askotan. Baina neguan asteburuetan ere zabaltzen dutenez, bestelako aukerak eskaini nahi dituzte jendea erakartzeko kanpoan eguraldia erosoegia ez bada ere. Horregatik prestatu dute Pirata Park gune berria.
Eta bisitari berriak erakartzeko beste modu batzuk ere ari dira probatzen. Esaterako, ezkontzak hartzea. Iaz La Oreja de Van Gogh taldeko kide bat izan zen parkeko terraza handi bat erreserbatu zuena ezkontzeko, paisaia konparaezina atzean zuela. Salbuespen modura, kasu horretan autotxokeak atera eta karpa azpian egin zuten baita afaria ere, gauean parkea itxi zutenean. Baina normalean terrazatik hotelera pasatzeko aukera ere ematen dute. Eta beste eskaera bat ere izan dute berriki, dorrean ezkondu nahi duen bikote batena, hain zuzen ere.
Modu batera edo bestera, Igeldo jendeari zabalik eduki nahi dute arduradunek, azken ia 100 urteotan izan den bezala. Eta denbora honetan guztian, berezko nortasuna eta estiloa mantentzen jakin badu ere, eguneratzen saiatu da, erakargarri izaten jarraitzeko. Horren lekuko dira, adibidez, iaz Igeldora igotzeko funikularra erabili zuten ia 200.000 pertsonak, inoizko bidaiari kopururik altuena.
Urte askotan funikularra bera defizitarioa izan bada ere, hori promozionatzeko eta egoerari buelta emateko esfortzuak fruitua izan duela dio Pascualek, azken bi urteotan inoiz izan dituen emai-tza positiboenak izan baititu Ondarretatik Igeldora igotzen den tren bereziak.
Horretan eragina izan dute, esaterako, iazko udan Donostiara etorri zen bisitarien kopuru orokorrak ere nabarmen egin zuela gora. Hain zuzen, gaztetxoez gain, Igeldoko bistak eta parke berezia bisitatzera igotzen diren turistak dira publiko ohikoena.
Eta haiei zuzenduta dago aurtengo beste berrikuntza: tiroko kaseten artean, lehendik ere zegoen etxetxoa eraberritu eta baserri itxurarekin, bertako produktuak saltzen dituen denda bihurtu dute, batez ere turisten-tzat.
belaunaldi berriak
Betikoa, berrituta
Aste Santuko egun hauetan, behintzat, haiek dira parkea hartuko dutenak. Aurreko bi edo hiru belaunaldiek egin duten modura, Donostiako txikienek ere ezagutuko dute Igeldoko parkea jai egun hauetan. Beti bezala, izango dute pottoketan ibiltzeko aukera, ohe elastikoetan saltoka aritzekoa, gameluen lasterketa jokatzekoa, autotxokeetan aritzekoa eta, orain, baita karrusel berri eta berezian igotzekoa ere.
Suitzako mendira igo eta nahi gabe ere amildegian behera ikusten den itsasoari begira, garrasi egingo dute. Bitartean, gurasoek Igeldo gainetik ikus daitekeen paisaiareekin gozatuko dute eta ziur etxe gehiagotan izango dituztela egun hauen ondoren Igeldoko argazkiak.
Azken finean, azken ehun urteotan bezala, gipuzkoar guztiengan haurtzaroko oroitzapenak pizten jarraituko du parkeak. Adrenalinarik gabe, baina duela 40 urteko itxura retro polit eta zaindu horrekin, eta kokapen ezinhobe batetik, beste 100 urte ere bete nahi dituzte parkeko arduradunek. Momentuz, lehen mendeko ospakizunekin ari dira, eta sorpresak iragarri dituzte.