"UMEAK aspalditik joaten dira bakarrik eskolara", zehazten dute Sarroeta bizilagun elkartetik. Duela urtebete Martutenen hasi zen Eskola bidea proiektuak fruituak eman ditu eta gurasoek berebiziko lasaitua hartu dute.

Urteak pasa dira auzoa bitan banatzen duen errepideko kamioien maiztasuna nabarmen murriztu zenetik, baina Arantzazuko Ama ikastolara iristeko arriskua ez da gutxitu. Izan ere, zentrorako sarrera nagusia kotxeak ziztu bizian pasatzen diren errepide ondoan dago oraindik.

Ikastolara bideko segurtasun faltak bultzatu ditu urte askotan martutenetarrak umeak eskutik eskolara eramatera. Kezkaturik, Martutenen ez dago haurrik soberan zioten zenbait kartel jarri zituzten auzoan zehar. Baina Udalak, iaz, ikastetxearekin eta gurasoekin bilera eduki arte ez zuten konponbiderik aurkitu: auzoan zenbait puntu estrategiko hitzartu zituzten eta, bertan, arduradun bat izango zuten zain umeek. Honela, txikiak bakarrik joan ahalko ziren puntu horretaraino, edo eta gurasoek eramango zituzten laguntzailea zegoen lekuraino. Berarekin batera ibilbide zehatz bat egingo zuten ondoren, auzoko beste hiru taldeekin ikastola aurrean batu eta denok batera errepidea gurutzatu arte.

irtenbidea

Udala, ikastola eta gurasoak

"Hasieran, guraso batzuek gure burua eskaini genuen", azaldu dute Sarroeta autzo elkartetik, nahiz eta "gero langileak jarri zituzten". Elkartekoen hitzetan, " segurtasuna eta umeen arteko loturak finkatu nahi ziren", alde batetik, elkarrekin egiten zutelako bidea eta, bestetik, haur helduenek gazteagoak zaintzen zituztelako.

Ekimenaren beste atalean auzoko taberna eta dendak sartzen ziren. Martuteneko langileak ere inplikatu nahi izan zituzten, haien lokaletan ere kartelak itsatsiz eta proiektuaren berri emanez. "Honela, umeren bat galduz gero, lagundu egin ahalko zieten bidea erakutsiz".

Eta esan liteke, "helburua finkatuta" dagoela. Hilabete gutxi batzuk badira martutenetar txikiak bakarrik joaten direla ikastolara, "behin ibilbide segurua ikasia dutela". Horregatik, Sarroeta taldea beste ekimenetan murgildurik dago, duela lau hilabete auzoko bizilagun elkartea berritu zenetik, auzokide gazte batzuek txanda hartu eta gero. Jarduera ugari egiten ari dira jada, hilabeteko lehenengo ostiraleko kantu-jira edota Martuteneko lehen Olentzero propioa, kasu. Informazio sorta www.martuteneauzoa.com gunean jarri dute.