Donostia. Euskararen Udal Patronatuak eta Badihardugu Euskara Elkarteak Ahotsak ekimenaren baitan Donostiako euskararen 136 testigantza jaso dituzte. Bi urtetan zehar, hiburuko auzo guztietako biztanleak elkarrizketatu dituzte eta, egun, bideoan grabatutakoak transkribatzen eta katalogatzen ari dira.
Horietako pieza batzuk, gainera, Interneten sareratu dira. Konkretuki, 34 donostiarren solasaldiak zintzilikatu dituzte Ahotsak egitasmoaren web orrialdean (www.ahotsak.com/donostia), Euskal Herri osoan jasotako beste ia 200 elkarrizketekin batera. Etorkizunean donostiar guztienak ikusteko aukera izango da. Gainera, 136 elkarrizketetatik 199 pasarte transkribatuta daude, irakurgai.
Hala azaldu zuten atzo Donostiako Euskara zinegotziak, Ainhoa Beolak; Euskal Herriko Ahotsak egitasmoaren arduradunak, Asier Sarasuak; eta Badihardugu Euskara Elkarteko ordezkariak, Idoia Etxeberriak, Donostian egindako agerpenean.
Beolak gogoratu zuenez, proiektuak "hizkuntz ondarea berreskuratzea" du helburu. "Euskara desberdinak, euskalki eta lokalismoei dagokienean, bildu" nahi dituela ekimenak azaldu zuen zinegotziak, eta gehitu zuen euskararen ondareak berebiziko garrantzia duela "nondik gatozen eta norantz goazen jakiteko garaian".
Bi urtetan egindako grabaketez gain, Etxeberriak argitu zuen Donostia Kulturak eta beste persona ba-tzuek egindako grabaketak ere jaso, editatu eta sareratu dituztela. "Donostia guretzat klabea zen, hiriburu euskaldun bakarra delako", esan zuen Sarasuak, bere aldetik.
Ekimenaren arduradunak adi-tzera eman zuenez, orain dela zor-tzi urte hasi zen Ahotsak egitasmoa, eta denbora tarte horretan orokorrean Euskal Herri guztian 192 herritako 3.346 pertsonen testigantzak bildu ditu eta 4.000 grabazio-ordu jaso. Lan honetan 60 udalen laguntza izan du proiektuak.
perfila Elkarrizketatuak aukera-tzeko garaian "donostiarrak zirenak, auzo ezberdinetakoak eta Donostiatik kanpo gehiegi ibili" ez zirenak hautatu zituzten.
Etxeberriak azaldu zuenez, 75 urtetik gorako jendea elkarrizketatu dute. Sarasuak, bere aldetik, adinaren garrantziari erreparatu zion eta esan zuen proiektuaren bitartez "aurreko Euskal Herri tradizionala bizi izan zutenen testigantza" jaso nahi izan dutela, 60 urtetan bizimodua izugarri aldatu baita. Horregatik, garrantzitsua iruditu zitzaien Euskal Herria nola aldatu den ikusi dutenen hitzak eta istorioak jaso eta gordetzea.
Proiektuan parte hartu dutenen artean, Donostiako hainbat biztanle adierazgarri daude. Horien artean, José Luis Álvarez Enparantza Txillardegi eta Arantxa Urretabizkaia idazleak; Iñaki Alkiza Realeko jokalari eta presidente ohia eta zendu berri den Evaristo Aiestaran, Ertizka Otxoteko eta Orfeoiko tenore ohia eta Gipuzkoako Esku Pilota ferakuntzako kide ohia.
omenaldia Atzo arratsaldean, gainera, udalbatza aretoan 136 parte-hartzaileei omenaldia egin zieten. Grabatutako guztiarekin 25 minutuko bideo bat sortu eta proiektatu egin zuten.