Badira hamalau urte estreinakoz DonostiAisia doako argitalpena kaleratu zutela eta, jada, ezinbesteko bihurtu da hiriburuko tabernetako barretan, gainerako aldizkarien artean. 200. hilabetea behar bezala ospatzeko ale berezi bat egin dute Zum ediziokoek, atzo Londres Hotelean egindako festan aurkeztu zutena.

"Oraingoan elkarrizketa asko egin ditugu, normalean eskaintzen ez duguna eskainiz", azaldu du Josema Azpeitiak, DonostiAisiko zuzendariak. Izan ere, ale berri honek ohikoak baino orrialde kopuru dezente gehiago ditu: 100 bat guztira. Tirada handi eta berezi honetan, Odón Elorza, Xabi Prieto, Luis Irizar, Mikel Erentxun eta beste hainbat pertsonaia famatuek parte hartu nahi izan dute, haiek Donostiako aisiaren inguruan duten iritzia aldizkariaren irakurleei zabalduz. "Edizio osatuago eta landuagoa egin nahi izan dugu, ikuspuntu gastronomiko, politiko eta kulturaletik", argitu du Azpeitiak.

"Hau egitea gustatuko litzaiguke guri beti, baina ezinezkoa da; publizitateak asko mugatzen gaitu", aitortu du Azpeitiak, zuzendariak ongi baitaki zeinen beharrezkoak diren iragarkiak doako argitalpenek bizirauteko.

Zum ediziokoak kili-kolo jarraitu dute lanean urte askotan. Harro daude diru eskasia gainditu dutelako eta hala azaltzen du zuzendariak ale honetan. Bertan, hasiera gogorrak, tabernariek ordaindu gabeko publizitateak edo berarentzat oraindik ezezaguna zen Donostia ditu hizpide. Baita pasatako momentu on guztiak eta bidean egindako lagun eta ezagunak ere.

"Hasieran txuri-beltzean argitaratzen genuen, papera egunkarietakoa bezalakoa zen eta maketazioa ere oraingoa baino askoz sinpleagoa zen", esan du Azpeitiak. Lehen egunetan zuten aldizkari kontzeptua ere nabarmen aldatu zela adierazi nahi izan du: "Gida bat egin nahi genuen, baina Donostiaren kasuan, alearen erdia gastronomia inguruko gaiek hartzen zuten".

Hastapenetan, hamabost egunez behin ale bat atera nahi zuten, baina "urte eta erdi besterik" ez zuten iraun horrela, kazetariaren hitzetan. Ordutik, hilabetero dira kalean.

Denbora honen ondoren, zuzendariak argi du otorduak garrantzi handiko arlo bat direla bai donostiarrentzat, bai beste herrialdeetako euskaldunentzat ere. Horregatik, www.ondojan.com gida sortu dute, sabela non bete behar den kontsultatu ahal izateko.

Bestalde, Goierrirako beste gida egokitu bat argitaratzen hasi ziren, Debagoienerako egin zuten moduan. "Hauek biak buzoneatu egiten ditugu herrixketan", adierazi du Azpeitiak. Hauetan ere gastronomia, kirola eta kultura dira gai nagusiak, sorburu den DonostiAisiaren formula berrerabiliz Gipuzkoako beste eskualdetan. Zum edizioak eraikitzeko ametsa, azkenean, egi bihurtu dela esan dezakete eta tabernetan edo postontzian, lagun finko bihurtu dira gipuzkoarrentzat aisialdian zer egin dezaketen erabakitzeko.