Urte eta erdi pasa da Donostian azken zozketa egin zutenetik eta, badaezpada, inork ez du martxoan loteria ontzitik kanpo geratu nahi. 428 Babes Ofizialeko Etxe (BOE) zozkatuko ditu Udalak martxoaren bigarren hamabostaldian eta horietako bat lortu ahal izateko gaur da Etxegintzan izena emateko azken eguna.

Berez, aurretik inskribatutako guztiek hartuko dute parte martxoko hitzorduan, baldintzak betez gero eta datuak eguneratuta izanez gero. Hau da, ez da zozketa honetarako bereziki izena eman behar. Hala ere, asko dira aurretik zerrendetan egon arren, loterian parte hartuko dutela ziurtatu nahi izan dutenak. Horiei azkeneko momentuan apuntatu nahi zutenak batu zaizkie eta, hori dela eta, guztiei erantzun ezinik aritu dira Etxegintzako langileak. Mandasko Dukearen kalean duten egoi-tzaren aurrean azken egunotan sortu diren ilara amaigabeak horren lekuko dira.

Gaur egun donostiarrek ezin dute Interneten bidez konfirmatu Donostiako Etxegintzaren eska-tzaileen artean daudenik eta egun hauetan benetan zaila izan da telefonoz ere bertako langileekin hitz egitea datu eta paper guztiak ondo daudela ziurtatzeko. Horrela, Mandasko Dukeko bulegora gerturatzea bakarrik zegoen eta, hori eginda ere, batzuek ez dute erantzunik lortu. Ostiralean, adibidez, bi ordu eta erdi itxaron behar izan zuenik bazegoen, besteak beste.

Donostiako Udaletik konfirmatu dute aurreko zozketetan baino jende gehiago izango dela, seguruenik, martxoko loteria ontzian. Krisiaren eraginez edo, Babes Ofizialeko Etxeak behar dituztenak gehiago dira. Inguruko herri eta hirietan gertatutakoa ikusita, gehiago izango dira, baita ere, tokatu ondoren uko egin behar izango dutenak kreditu faltagatik.

erreklamazioak

428 BOE guztira

Zozketan parte hartu ahal izateko, beraz, gaur da izena emateko azken eguna, baina behin-behineko zerrenden inguruan erreklamazioak egiteko aukera izango da behin-betikoak onartu aurretik. Horietako 428 zortedunentzat izango dira loteria ontzian sartuko diren azalera eskubideko Illarrako 50 pisu, Morlanseko 126, Pagolako 79 eta Loiolako Erriberetako 19. Puion alokairuko beste 60 eta 38 tasatu (azalera eskubidean) zozkatuko dira eta Villa Araozen gazteentzako 56 apartamentu.