Donostia. Donostiako Udalak, Olentzeroren etorrera dela eta, ekitaldi ugari antolatu ditu bihar arratsalderako. 16.30ean hasiko da programa, Loiola kalean, Ipuinez ipuin izeneko haur festarekin.
Donostiako Kultura zinegotziak, Denis Itxasok, azaldu zuen atzo Ipotx Burumototz ipotxak bidean aurkitzen dituen ipuin guztiak suntsituko dituela. Beraz, gerturatzen diren umeen lana izango da ipotxak nahastutako kontakizunak berriro modu egokian antolatzea. Honez gain, haurrek gutunak idazteko eta Olentzerori eskuan emateko aukera izango dute, 19.30ak aldera, Bulebarreko kioskoan.
Hori baino lehen, 18.00ak aldera, agertuko da ikazkina Donostian eta orduan hasiko du desfilea, Loiola kaletik Bulebarreko erlojuraino. Antzarrak, ardiak, idiak eta opariak eramango dituzten astoak izango dira, Olentzerorekin batera, martxaren protagonistak.
Gainera, Itxasok aurreratu zuenez, 50 kilogramo ikatz eta 200 kilogramo gozoki banatuko dituzte hurbiltzen diren haurren artean.
Lauaizeta, Antigua Luberri, Arantzazuko Ama, Axular Lizeoa, La Anunciata, La Salle, Eskola Dantza Taldea, Gero Axular Dan-tza Taldea, Trumoiak eta Zuhaizti Eskolako haurrek parte hartuko dute desfilean, Donostiako karrikak alaituz.
19.30ean desfilea bukatuko da, eta orduan Olentzerok gutunak jasoko ditu. Horrela, hurrengo egunean, urtean zehar jarrera egokia izan duten umeei zer opari ekarri behar dien jakingo du. Gaizki portatu direnek, aldiz, ika-tza jasoko dute seguruenik.
Auzoetan Egun osoan zehar auzoz auzo ere ongietorria egingo diote Olentzerori. Gaur arratsaldean bertan antiguotarrek agurtuko dute 18.30ean Pio Barojan.
Bihar, Grosen 10.30ean aterako da ikazkina Zurriola ikastolatik; Antiguan, 12.15ean, Alfontso XIII plazatik; Intxaurrondon, 16.30ean, Joana Albert plazan izango da Olentzero; 17.00etan, Egian, Martin Santos plazan eta Amara-Osinagan, aldiz, 17.30ean, Irun plazan.