Santo Tomasek euriari jaramonik ez
Ohi baino beranduago baina jendetzak bete egin zituen erdialdea eta Alde ZaharraKonstituzio eta Gipuzkoa plazak izan ziren festa giroaren irudia beste behin
Donostia. Euria etengabe. Atzo eguerdiko panorama ez zen batere erakargarria. Ez behintzat baserritar traje elegantea jarri, abarkak lotu eta eguna kalean pasatzeko, postuz postu. Eta, hala ere, ehunka lagunek ez zieten jaramonik egin hodeiei eta, urtero bezala, Santo Tomas eguneko hamaiketakorako txistorra jaten ari ziren jada, aterkia eskutan bazuten ere.
Amara, Antigua, Egia, Intxaurrondo edo Altzatik abiatzen ziren autobusek gero eta jende gehiago uzten zuten Bulebarrean. 13.00etan Konstituzio enparantzako argazkia xelebrea zen: plazan baino, arkupetan zegoen jendetza, plazara begira zeuden postuen atzealdean, hain zuzen. Enparantza erdiko fruta postuen inguruan eta, batez ere, Filemona atzoko izarraren inguruan bildu ziren laguntaldeak, baina gainerakoa lasaiegi zegoen abenduaren 21. eguna izateko.
Lasaiegi zeuden, baita ere, talogileen postuak. Atzo hamabost jarri zituzten, inoiz baino gehiago, eta hori ere nabaritu zen: erosleen zain talogileak zeuden, ohikoa alderantzizkoa izaten bada ere. Hala ere, posturen batean txistorra egin gabe zegoela bazioten bost euroak ordaindu zituzten batzuek eta besteek.
Ateri Giroa, dena den, nabarmen aldatu zen 13.30erako edo. Bat-batean ateri zegoen eta Konstituzio plazako hutsuneak gutxinaka betetzen hasi ziren, txistorra eta sagardoa erosteko ilarak luza-tzen. Ohi baino beranduago, baina Santo Tomaseko giro jendetsuak Alde Zahar eta Erdialdeko kaleak bere egin zituen. Hala ere, eguraldia lagun, aurrekoetan baino lasaiago egoteko aukera ere eskertu zuten donostiar eta bisitariek aterkia gorde eta gero. Komunera joateko komeriak murriztu zituen horrek eta, baita ere, aurten kalean jarritako 70 komun kimikoek.
Filemona esnatu zen ordurako, eta kamera edo sakelako telefonoekin argazkiak ateratzera gerturatu zien umeentzat posatu eta guzti egin zuen. Eta, urtero bezala, Filemonaren etsai bakarrak argazkietako protagonista nagusiak izateko baserritar jantziak zituzten milaka umeak izan ziren. Horiek eta, noski, sagardoa eta txistorra hartuta kameraren objektiborako elkar besarkatzen zuten lagun taldeak. Zortzi txistorra zati zeuzkan ogitarteko batek ere jaso zituen flashak, horrelako azoka eta festa egunetan postu eta tabernetan bokatari txistorra gutxi jartzen diotela dioten horiei erakusteko.
Bazkalosterako animatu ziren goizean lanean ari zirenak edo euria ikusita apur bat beldurtuta etxea geratu zirenak eta festa giroa nonahi bizi zitekeen. Alde Zahar osoko tabernetan eta, baita ere, Gipuzkoako plazako inguruetan. Goierriko talogileek metro batzuetako kola zuten zain inguru horretan, eta artisauen postuek ere jendea erakartzen zuten. Azken finean Eguberrietan gaude jada eta batek baino gehiagok aprobetxatu zuen egun hauetarako azken erosketak egiteko, sagardo tragoxka bukatu ondoren.
Kolorea Izan ere, sagardoa barra-barra banatu zuten atzo postuetan eta tabernetan txistorra bokata bustitzeko eta abenduak 21 dituen guztietan bezala, horiekin batera festako beste parte-hartzaile nagusia baserritar jantziak izan ziren. Ohikoa bihurtu da, dagoeneko, emakume eta neskek garai bateko koloretako gona marradun eta laukidunak janztea eta duela urte batzuk erabiltzen zituzten puntu txuriko beltzak armarioan uztea. Mutilen ator eta txapel beltzekin konbinatuta beste tonu bat eman diote jendez gainezka izaten den Konstituzio plazari.
Kaletarrak baziren atzo baina, aurten ere bai, baserritar jantziak jarrita Santo Tomas azokaren funtsa gogora ekarri zutenak gehiago ziren eta, horrela, egun batez, behintzat, Donostiari garai batean izango zuen kolorea eman zioten.
Eta garai bateko doinu eta soinua emateko musikariak ere ez ziren falta izan Alde Zaharreko eta Erdialdeko kaleetan. Trikitilariak han eta hemen, kale bazterrean haien musika entzun eta dantzan hasi ziren asko, botilak biribil erdian utzi eta oinak (eta edalon-tziak eusten zituzten eskuak) berotzeko edo.
Osasuntsu Hotza bai, euria ere bai goizaldean batez ere, eta urdin kolorea egutegian, baina hala eta guztiz ere Santo Tomasek indar handiagoa izan zuen beste behin. Berotzea (eta txistorra egitea) pixka bat kostatu bazitzaion ere, osansuntsu dabilela garbi dago. Gaur goizera arte luzatuko zuten askok donostiarrentzat Eguberrien hasiera ofiziala markatzen duen festa handia.
Más en Donostia
-
Donostia activa la campaña de prevención y respuesta ante la violencia sexista en las fiestas del verano
-
19 hogueras iluminarán la noche de la víspera de San Juan en Donostia
-
Dbus amplía sus servicios de autobús en verano a partir del lunes
-
Desaparece un nido de pava real con ocho huevos junto al parque Cristina Enea