Donostia. "Bi minutu besterik ez daude Gipuzkoako baserriaren eta kaleko munduaren artean, baina biek ez dute ia elkar ezagutzen eta hori aldatu egin behar da Gipuzkoako despentsa handia baserria delako". Biolur elkarteko lehendakariak, Xabier Akizuk, hitz hauekin aurkeztu zuen atzo datorren larunbatean Donostian izango den azoka biologikoa. Izan ere, hitzordu honen helburua hiritarren eta baserritarren arteko harremana sendotzea da, eta baita azken horien "onarpen sozial eta ekonomikoa" lortzea ere.

Horretarako, bederatzigarren urtez jarraian, Donostiako Bulebarra azoka handi bat bihurtuko dute larunbatean. Behemendi eta Biolur elkarteko kideek jakinarazi zutenez, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba, Bizkaia, Iparraldea eta Errioxako 22 ekoizle etorriko dira euren produktuak saltzera. Eta 10.00etatik 15.00etara, barazkiak, gaztak, pintxo ekologiko eta germenatuak, jan-tziak, ardoa eta olioa erosi ahal izango dira Euskal Jaien baitan antolatu duten merkatuan.

Jakinarazi zutenez, uda bukaerako sasoi honetan, baratzak pil-pilean daude eta baserritarrak aurreko hilabeteetan egindako lanaren fruitua jasotzen ari dira. Beraz, "bertako eta garaiko kalitatezko elikagaiak" eskuratzeko aukera izango da.

"Lan asko daukagu egiteko hiriburuan eta salmenta zuzena sustatu nahi dugu larunbateko hitzorduarekin elkar ezagutzeko aukera polita izango delako", jakinarazi zuen Biolurreko koordinatzailea den Aloña Gonzalezek.

Produktuak erosteaz gain, nekazariek lana nola egiten duten ikusteko aukera egongo da. Marmeladak egiten dituen Aiako ekoizle batek, esate baterako, eguzki bidez pizten den sukaldea ekarriko du Bulebarrera eta lanari ekingo dio jendaurrean.

Donostia Festakeko zuzendariak, María Jesús Torresek, hiritarrei bertaratzeko gonbitea luzatu zien "giro aparta izango delako". Gogoratu zuen bezala, azoka ekologikoa eta Sagardo Eguna egun berean ospatuko dira eta horrek jende asko hurbilduko du Alde Zaharrera. Behemendiko gerenteak, Juan Kruz Alberdik, hiriburuan ospatzen den azoken artean larunbatekoa "berezi eta garrantzitsuena" dela esan zuen.