DONOSTIA. Donostiako kaleek bigarren esne makina bat dute atzotik. Antiguako Gaskoina plazan pasa den ekainean kokatu zutena eta gero, oraingo hau Amarako Easo plazan finkatu dute, eta Lau Haizetako Bordaxar baserriak hornitzen du esnez. Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, hirugarren makina bat kokatzeko proiektua ere abian da, Amarako Irun plazan joango dena.
Makina berri hauek baserriko esne freskoa jartzen dute hiritarrentzat eskuragai. Bordaxar baserriko Iñaki Zapirainek jakinarazi zuenez, egunero beteko dute esnez Easoko makinaren depositoa, freskotasuna bermatuz. "200 bat litro jarrita hasiko gara, baina denborarekin joango gara jendeak zenbat esne kontsumitzen duen zehazten", azaldu zuen Zapirainek. Makinak esnea zuzenean isurtzen du.
Edukiontziei buruz, makinak berak eskuragai jartzen ditu kristalezko botilak. Ideia da bezeroak edukiontzia behin eta berriz berrerabiltzea, kontsumo sostengarri bat lortuz. Erosleak litro bat edo litro erdia erosteko aukera du, euro bat eta 50 zentimoren truke, hurrenez hurren. Makina martxan egongo da goizeko 7.00etatik gaueko 23.00etara uda partean eta, neguan, Zapirainek azaldu zuenez, seguruenik 22.00etarako edo itxiko dute.
EKIMEN ARRAKASTATSUA Gaur egun martxan dauden makinak "arrakastatsuak" izaten ari direla baieztatu zuen Pablo Medranok, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landa Garapenerako zuzendariak. "Ekimen honen bitartez landako ekoizle txikiei laguntza ematea lortzen ari gara", argitu zuen Medranok. Gainera, proiektuaren proposamena ekoizleek beraiek egiten dutela azpimarratu zuen. Kasu honetan, sustatzaileak Behemendi Landa Garapenerako Elkartea eta Donostiako Udala izan dira, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Azken horiek proiektuaren %40 finan-tziatzen dute.
Landa Garapenerako zuzendariak denborarekin atzo aurkeztutakoa bezalako makinak hedatzen joango direla aurreikusi zuen, orain arteko emaitza onek bere baitan jarraitzen badute behintzat. "Hasieran beti izan ohi dira arrakastatsuak makinok, baina balorazioak gerora egin behar dira, jendearen kontsumoa egonkortzen denean", argitu zuen. Medranoren ustetan, arrakastaren gakoa biztanle kopuru eta makinen arteko orekari eustean datza.
Azkenik, Udaleko ordezkariek esne makinak dakarren edukion-tzien berrerabilpen sistema kontsumo iraunkor politikekin bat datorrela azpimarratu zuten. "Horrelako proiektuekin jendeak gai hauetan duen parte-hartzea sustatu nahi dugu", azaldu zuen Miguel Angel Diezek, Udaleko ingurumen zinegotziak.