Donostia. Jada klasiko bat zarete Donostiako eszenatokietan baina, hala ere, jendetza erakartzen jarraitzen duzue. Bai, askotan jo izan dugu Donostian. Euskal Herria oso txikia da eta guk 17 urte daramatzagu jotzen. Horrek lekuak errepikatzera behartzen zaitu. Hala ere, gure historian zehar nahiko kontzertu jendetsuak egin ahal izateko zortea eduki dugu. Uste dut egiten joan garena momentuko gazteei gustatu zaiela.

Aurreko urte bukaeran 'Bizitzari txistuka' diskoa atera zenuten. Zer moduz doakizue? Oso pozik gaude disko honekin. Atera bezain pronto berri onak jaso genituen, eta gure inguruko pertsonek ere gustatu zitzaiela esan ziguten. Hala ere, beti daude estiloa aldatu dela diotenak, edo disko helduagoa dela pentsatzen dutenak... Gainera, benetan harritu gaituena, kon-tzertuetan gehien abesten diren kantak diska berrikoak direla, eta horrek aurrera jarraitzeko indar handia emanten digu.

Nolako oroitzapenak dituzue Donostiako kontzertuez? Nik oroitzapen ona dut. Gainera, hainbatetan jo izan dugun Trinitate plaza oso leku polita iruditzen zait, oso goxoa jotzeko. Areto moduko bat da, baina irekia, eta asko gustatzen zaigu bertan jotzea. Orokorrean, asko gustatzen zaigu Gipuzkoa aldera etortzea. Hala ere, hasieran gure emanaldiak Bizkaian eta Araban izaten ziren gehienbat, eta Gipuzkoara ez ginen asko etor-tzen, baina, urteen poderioz, hemengo jendea erakartzen joan gara eta benetan pozgarria da hori guretzat.

Zer asmo duzue Sagueseko kon-tzerturako? Zer prestatu duzue? Diskoa atera genuenetik egiten ari garena egingo dugu gehienbat, nahiko ondo doakigu eta momentura arte. Gure errepertorioan azken diskako abestiei protagonismoa ematen saiatzen gara, aurreko diskoetako kantak ahaztu gabe, eta gehiago gaurko kontzertura begira, bakarrik jotzen digulako, baina, esan bezala, disko berrikoak dira gehien abesten direnak eta gustora asko jotzen ditugu.