Donostia. Igeldoarrek 15 urte daramatzate Donostiarengandik desanexionatu eta herri txiki bezala beren etorkizuna lantzeko eskubidea aldarrikatzen eta ildo horretan abiatu duten azken ekimena herritarren sinadura bilketa izan da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 170 lagun inguruk adierazi diete oraingoz euren atxikimendua eta hauen artean, Euskal Herriko kultur arloko eta kirol munduko pertsonaia mordoa daude.

Lehenengoen artean Oier Zearra pilotaria eta Igor Jauregi eta Markel Bergara futbolariak daude, besteak beste, eta kultur arloko sinatzaileen artean, Patziku Perurena eta Pako Aristi idazleak, Su Ta Gar musika taldea eta Amets Arzallus, Sustrai Colina, Gaztelumenditarrak eta Andoni Egaña bertsolariak aurki daitezke.

Horrez gain, Foru Aldundiak berehala Igeldok desanexiona-tzeko egin duen eskakizunari erantzungo diola eta, herritarrek kontzentrazioa deitu dute gaur goizerako. Aurreko asteetan bezala, hitzordua 10.00etan izango da Gipuzkoa plazako egoitzaren parean. Igeldoarrek bertara joateko gonbitea luzatu diete herritarrei. Izan ere, hitzordua deitu dutenek, gaurko Diputatuen Kontseiluak euren eskaerari ezezkoa emango diolakoan daude.