donostia. Duela 27 urte Antiguan sortutako ohiturak jarraipena izango du gaurkoan ere. Izan ere, eguerdiko 12.30ean auzoko kaleetan barrena ibiliko dira Inude eta Artzainak.

Antiguotarrak Dantza Taldeak urtero, Inauteriak amaitu eta hurrengo larunbatean antolatu ohi du ekitaldi hau, umore ona eta primerako giroa berriz ere kalean zabaltzeko. Ospakizuna atzeratu izanaren arrazoia argia da: Antiguotarrek ere Lantzeko Inauteriak prestatu ohi dituzte urtero eta horrek dakarren lanaren ondorioz, taldekideek jaialdia astebete atzeratzea erabaki zuten, ekitaldia ongi prestatzeko denbora gehiago izan zezaten.

Ibilbidea eguerdiko 12.30ean hasiko da Antiguako eliza parean eta pilotalekuan amaituko da. Bien bitartean, auzoko hainbat txoko igaroko ditu Inude eta Artzainen desfileak, Matia, Benta Berri, Txalupagina, Erregezain eta Mikelete kaleak, besteak beste.

Hainbat lagunek parte hartuko dute Donostiako Belle Époquea oroitzen duen jaialdi honetan. Horien artean, gainera, Inude eta Artzainen festan ohikoak diren hainbat eta hainbat pertsonaiekin eta haien antzezpenekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, mikeleteak edo kale zainak, alkatea, gotzaia, erizainak, izozki saltzailea, señoritoa, arran-tzalea, monagiloak, barkileroak, lore saltzaileak eta apaiza, besteak beste.

Hala ere, protagonista nagusiak Inude eta Artzainak izango dira, inondik-inora ere, XX. mende hasieran ume zaintzaileak (Inudeak) bere gain zituzten txikiekin herrira jaistean bertan topatzen zituzten artzainekin izaten zuten harremana eta tratua baitakar gogora jaialdiak.

sarrieguiren doinuak Festa orotan bezalaxe, biharkoan ere ez da musikarik faltako. Antiguan elkartzen den orok Raimundo Sarriegui maisuak konposatutako piezak entzun eta haiekin goza-tzeko aukera izango du.

Hala ere, gaur ez da soil-soilik musika entzungo. Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere danborren burrunbek lagunduko dute Inude eta Artzainen desfilean zehar.

Danborrari taldea, gainera, jai honetarako espreski biltzen diren Antiguako bertako 40 bat lagunek osatuko dute, hain zuzen ere. Horiek guztiak festa auzo guztira zabaldu eta gainontzeko antiguatarrak ere umore on eta primerako giroan murgil daitezen saiatuko dira, giroa goxatu eta Sarrieguiren piezak ahalik eta ondoen joaz.