Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak “Legal day 2022” antolatu zuen pasa den asteartean, batxilergoko ikasleentzako lantegien jardunaldia, zuzenbide munduan modu dinamikoan eta parte hartzailean barneratzeko aukera eman diena. Unibertsitateko esperientziaz gozatzeaz gainera, ikasleek Deustuk Zuzenbidearen esparruan eskaintzen dituen ikasketak ere ezagutu ahal izan dituzte.

Jardunaldia lehenengo aldiz ospatu da Donostiako campusean. Lau lantegi antolatu dira. Lehenengoak, “Badakigu zer egiten duten sare sozialek gure datuekin?” izenekoak, batxilergoko ikasleei aukera eman die jakiteko zein den Zuzenbidearen egitekoa arlo horretan. Zer datu biltzen dituzte sare sozialek erabiltzaileei buruz? Norekin partekatzen dituzte datu horiek? Zein helbururekin? Informazio hori eskuratzeko eskubidea dut? Galdera horiek eta beste hainbat landu dira lantegi honetan. Bigarren lantegian, “Nurembergeko epaiketak: zer gertatu zen nazien kupularekin?” izenekoan, ikasleek, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Nazioarteko Auzitegi Militarra nola sortu zen ezagutu ahal izan dute, baita Auzitegi horrek Hirugarren Reicheko goi mailako 24 buruzagiren kontra bideratu zuen prozesu judiziala ere, gerra krimenak, bakearen kontrako krimenak, gizateriaren kontrako krimenak eta konspirazioa egiteagatik. Hirugarren lantegian, “Nolakoa izango da nire bizitza Zuzenbide fakultatean?” izenekoan, parte-hartzaileek aukera izan dute Zuzenbideko ikasle batekin tarte bat pasatzeko, eduki ditzaketen zalantza eta kezka guztiak argitzen lagundu diena. Eta azken lantegiak, “Zure bizitzako epaiketa” izenekoak, ikasleei lagundu die abokatu bat epaiketa baten aurretik nola sentitzen den jakiten. Eztabaida saioak, legea ezagutzea, bezeroaren defentsa... Alderdi horiek landu dira ELSA Deusturen laguntzaz (Zuzenbideko ikasleen Europako Elkartearen Deustuko taldea).

Bilboko campusean, azaroaren 17an, izan zen “Legal Day”, helburu berarekin. Bertan, beste lau lantegi proposatu ziren: “Instagram, Spotify, Google, HBO... zer paper du hemen Zuzenbideak?”; “Lan mundua COVID-19 amaitu ondoren: pentsatu duzu nolakoa izango den lana pandemiaren ondoren?”; “Amazon erronka: alderdi legalak eta ekonomikoak aztertzen”; eta “Zure bizitzako epaiketa”.

Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatea 1886an sortu zen eta prestakuntza juridiko sendoa eta jarrera etikoak, zerbitzu espiritua eta gizarte erantzukizuna uztartuko dituzten pertsonak heztea du helburu. Zuzenbideko graduak Eusko Jaurlaritzako nazioarteko tituluaren aitortza du eta Fakultatea, 2013az geroztik, Europar Batasuneko eta Nazioarteko Harremanetako Zuzenbideko Bikaintasun Zentroa da. Zuzenbidearen esparruko prestakuntzan bikaintasuna aitortzen duten beste lorpen batzuk ere baditu.