Donostiako Parte Zaharreko Taska tabernan antolatutako ekitaldian, Kaiarriba-Donostiarra klubak talde teknikoak eta traineruen izenak eta babesleak aurkeztu zituen atzo komunikabideen aurrean. Alberto Lopez klubeko presidenteak hitz egin zuen aurrena, hasi zen, eta esker ona adierazi nahi izan zien ilusioz beteriko proiektu honetan bidelagun diren guztiei: klubeko babesleei, taldekide eta entrenatzaileei eta, jakina, baita Ur Kirolak klubari ere. "Gure hiri honetako arraunketan horiek guztiak ezinbestekoak baitira", esan zuen.

Aurtengo denboraldian, gizonezkoen bi traineruek Amenabar Donostiarra Ur Kirolak 100 izenarekin jarraituko dute. Azaldu zutenez, Amenabarrek azken zazpi urteotan klubarekin izan duen konpromisoagatik eutsi nahi izan diote izen horri. Traineru hauetako entrenatzaile lanetan Igor Makazagak eta Fernando Valenciagak jarraituko dute, Fernandok bertaratzerik izan ez bazuen ere. Haren lekuan Arkaitz Diaz izan zen, patroietako bat, eta Fernando Valenciaga bigarren traineruko entrenatzailearen lana bereziki nabarmendu zuen; izan ere, aurten banku mugikorreko lehiaketetan jardun baitute, uda partean indarrak traineruan jarri ahal izateko, eta ekaineko azken asteburuan lau arraunlarik Sevillako Espainiako Txapelketan parte hartuko dutela ere aipatu zuen.

Presidenteak emakumezkoen traineruaren entrenatzaile Rufo Urtizberea ere aurkeztu zuen; aurten ontziaren izena Nortindal, Donostiarra Ur Kirolak 100 izango delarik. Alberto Lópezek eskerrak eman zizkion, eta goraipatu egin zuen etxeko arraunlariekin maila handiko trainerua izateko egiten ari den lan bikaina.

Nortindaleko gerente Jorge Mallesek aipatu zuenez, Nortindal oso harro omen dago zortzigarren urtez proiektu hau babesten jarraitzearekin. "Aurrerapausoa eman eta batez ere emakumezkoen trainerua babesteko hautua egin dugu", aipatu zuen, gure gizartean emakumeen kirola babesteak duen garrantzia nabarmenduz.

Amenabarreko Ane Sarronaindiak klubeko kategoria guztiak babestearen garrantzia izan zuen hizpide. "Zazpi urte daramatzagu klubari babesa eskaintzen, eta harro gaude sortzen ari den harrobiarekin eta barruan egiten ari den lanarekin", aitortu zuen.

Donostiarraren harrobiaren ordezkari lanak Ricardo Unzeta Ur Kirolakeko presidenteak hartu zituen bere gain. "Donostiarraren parte gara", esan zuen. Klubarekiko konpromisoa berretsi eta orain arte bezala ekarpenak egiten jarraituko dutela adierazi zuen. Gainera, mendeurrena ospatzeko, aurten Ur Kirolakek Europako Txapelketa Kontxan antolatuko duela aurreratu zuen.

Ondoren, Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kirol zinegotziaren txanda etorri zen; klubak maila gorenari eusteko izan duen gaitasuna azpimarratu zuen, egindako lanari esker proiektuaren oinarriak nola finkatzen eta sendotzen ari diren goraipatuz.

Hitzarmena. ACTk eta Caixabankek eskutik jarraituko dute atzo Borja Rodrigo traineruen elkarteko presidenteak eta Juan Pedro Badiola banketxearen lurralde-zuzendariak sinatutako akordioari esker. Babes hori 2013an hasi zen, eta hamar urte bete ditu jada. Akordioak bi ligak hartzen ditu kontuan, gainera, Eusko Label Liga eta Euskotren Liga. Emakumezkoen lehiaketan, Caixabankeko izarrak liderraren maillotean jarraituko du, eta gizonezkoetan patroi onena saritzen jarraituko dute, irabazleari luzatzen zaion garaikurrari izena emateaz gain, Caixabank Koroa. Horiez aparte, Caixabankek bi ligetako jardunaldi bati izena jartzen segituko du, aurten, abuztuaren 14an Castro Urdialesen jokatuko denari.