- Gipuzkoako Surf Federazioak (GSF), HS2 Surf Eskolak eta Hondarribiko Udalaren artean antolatuta, igande honetan, urriak 25ean, Hondarribiko FederArte Bikingo Eguna ospatuko da. "12 urte baino gehiagoko ibilbidea duen proba honen alde egiten dugu apustu, kirol federatua eta kultura bat egiten duten formatu berri honen alde", adierazi zuen jaialdiaren aurkezpenean Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotziak. Egoerak hala behartuta, kirol probek zein ekitaldi kulturalek osasun eta segurtasun neurri zorrotzak beteko dituzte.

Kirol proba guztiak Portu Berrian egingo dira. Goizeko 9.30ean izen-emateak irekiko dituzte eta 11.00etan partaide guztiek bilera batera deituta daude jarraitu beharreko instrukzioen berri emateko. Ordu berean emango zaio hasiera SUP inklusiboko saioari. Bestetik, aurreikusita zegoen Txiki SUP saioa bertan behera geratu da Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurriek ez dutelako 14 urtetik beherako gazteek parte hartzen duten kirol ekitaldirik baimentzen.

Eguneko proba nagusiak, amateur eta pro modalitateko SUP lasterketak, eguerdiko 12.45etan egingo dira. Hamabost minutu beranduago Emakuemea Surflari saioari emango zaio hasiera, emakumeak, transexualak eta intersexualak surf munduan hasteko eta kirol jarduera sustatzeko helburua duena.

Azken urteetan ohikoa den bezala, musikak jarriko dio FederArte Bikingo Egunari amaiera. Eguraldi onarekin kon-tzertuak Kasino Zaharrean eginen dira. Euria egin ezkero, berriz, taldeen ikuskizuna Soroetako pilotalekura eramatea adostu dute antolatzaileek. Edukia mugatuta egongo denez, ezinbestekoa izango da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea Kutxabanken webgunearen bitartez edo Arma Plaza Fundazioaren bulegoan.

Kontzertuak Katapulta Tour Gipuzkoa musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuituaren parte dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Kutxa Kulturrek bultzatzen dutena, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom’s-ekin elkarlanean. Egitasmoak bi helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen eremuko gipuzkoar talentuak balioan jartzea eta horiek sustatzea (gazteei arreta berezia emanez), eta Gipuzkoako eszena kulturala dinamizatzen laguntzea klubei eta antolatzaileei babesa emanez. Maria Amolategik eta Victor Sánchezek osatutako Matilda duoa izango da lehena taula gainera igotzen 18.00etan. Ordubete beranduago indie, punk¸edota rock soinuak izango dira entzungai Indian Feathers taldearekin. Azkenik, Ezpalak laukoteak emango dio amaiera FederArte Bikingo Egunari gaueko 20.15etik aurrera.