Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NOB) eta Saudi Arabiako Batzordeak hamabi urterako akordioa sinatu dute eSporten Joko Olinpikoak antolatzeko. Lehenengo edizioa 2025ean izango da.
Akordioa formalki onartu behar du oraindik NOBren Bilkurak, Parisen Joko Olinpikoen bezperan egingo duen bileran.
Erakunde olinpikoaren arabera, Saudi Arabiako batzordearekin duen elkarteak ziurtatu du kirol elektronikoetarako jokoetan balio olinpikoak errespetatuko direla, eta horien artean "genero berdintasunaren sustapena eta gazteekiko konpromisoa" aipatu ditu.
Abdulaziz bin Turki Al Faisal printzea, Kirol ministro eta Saudi Arabiako Batzorde Olinpiko eta Paralinpikoaren presidentea, harro agertu zen bere herrialdeak "historia olinpikoaren kapitulu berri hau" babesten duelako, eta nazio gaztea dela azpimarratu zuen, "23 milioi gamer baino gehiagorekin".
Emakumeak kirolean
NOBk bere komunikatuan azpimarratu duenez, "emakumezkoen kirolak bereziki hazkunde azkarra izan du" Saudi Arabian, "eta Erresumako 23 milioi jokalarietatik ia erdiak emakumeak dira".
"Era berean, 330.000 emakumezko kirolari baino gehiago daude erregistratuta, eta ia 40 emakumezko talde nazional, nazioartean lehiatzen direnak. Oinarrizko kirola ere hazten ari da, neska guztien ikasketa-planean kirola sendo txertatuta, eskola-futbol ligan astero jokatzen duten 70.000 ikasleek erakusten duten bezala ", gaineratu du.
"Kirola egiteaz gain, araudien erreformek emakumeen ordezkaritza bermatzen dute kirol-federazio guztietako zuzendaritza-batzordeetan, eta dagoeneko 100 emakume baino gehiago daude izendatuta, horien artean federazioko zazpi presidente. Kirolari guztiek, gizonezkoek zein emakumezkoek, soldata bera jasotzen dute euren kirol selekzio nazionalean parte hartzen dutenean ", esan du kirol erakundeak.
Saudi Arabiari esleitu zaizkion azken kirol-lehiaketen artean 2024tik 2026ra bitarteko WTA finalak daude, zirkuituko kide batzuek kritikatu zutena.