ATLÉTICO DE MADRID Lola Gallardo, Laia Alexandri (Aïssatou Tounkara, 65. min), Carmen Menayo, Merel Van Dongen, Sheila García, Silvia Meseguer (Deyna Castellanos, 65. min), Amanda Sampedro (Virginia Torrecilla, 90. min), Estefanía Banini (Bicho, 74. min), Leicy Santos, Maitane López eta Thembi Kgatlana (Ludmila, 75. min).

EIBAR Noelia García, Elba Vergés, Honoka Yonei, Noko Matlou, Ruth Álvarez, Arene Altonaga (Sheila Elorza, 73. min), Carla Morera (Ana de Teresa 73. min), Nerea Gantxegi (Queralt Gómez, 89. min), Natalie Muth (María Llompart, 63. min), Arola Aparicio (Kuki, 63. min) eta Racheal Kundananji.

Golak 1-0, 28. min: Thembi Kgatlana. 2-0, 53. min: Maitane López. 3-0, 57. min: Laia Alexandri. 3-1, 73. min: Racheal Kundananji.

Árbitra Sara Fernández Ceferino.

Jazoerak Ligako azken-aurreko jardunaldiko partida Alcalá de Henaresko Centro Deportivo Wandan.

- Eibarrek ez du maila gorenean jarraituko. Talde gorri-urdinak derrigorrez irabazi behar zion Atletico Madrili etxetik kanpo, beste emaitza batzuen gora beheran azken jardunaldira salbaziorako aukerekin iristeko. Eibartarrek ezin izan zuten ordea, koltxoneroen zelaian ezinbesteko balentria erdietsi; 3-1 galdu eta Bigarren Mailara jaistea ziurtatuta dute jardunaldi baten faltan. Aipatzekoa da, garaipena eskuratu balute ere, antzua zatekeela Valentziak berdindu eta Vila-realek garaipena lortu ondoren.

Gipuzkoarren itxaropenak 28 minutu eskas iraun zituen, hain zuzen ere, Thembi Kgatlana eibartar ohiak zuri-gorrien lehen gola lortu zuen arte. Bigarren zatian, Maitane Lopezek eta Laia Aleixandrik beste danbateko bana eman zieten armaginei, eta Rachael Kundananjik lortutako golak ez zuen bestelako ondoriorik izan.

Eibar 2020an igo zen maila gorenera, Iker Dorronsoro buru zuela, eta talde bakarreko Lehen Mailan jokatzen zuen lehen aldia izan zen klubarentzat. Aurreko denboraldian, armaginek mailari eustea lortu zuten, hamalaugarren postuan amaituta, jaitsieratik lau puntura. Denboraldi honetan, Ana Junyentek hartu zuen Dorronsororen lekukoa eta bera izan zen taldearen arduradun nagusia hogeita laugarren jardunaldira arte, orduantxe ordezkatu baitzuen Jordi Ferrónek. Bost partida horietan, entrenatzaile kataluniarrak ezin izan du talde gorri-urdinaren hondamena saihestu.

Eibartarrek, jokoan ezer ez dutela, datorren igandean esango diote agur Lehen Mailari Unben, Valentziaren aurka.