REAL SOCIEDAD Quiñones, Iraia (Maddi, 23. min), Lucia, Etxezarreta (Gemma, 86. min), Nahikari (Nerea Eizagirre, 65. min), Itxaso, Barbara (Franssi, 65. min), Leire Baños (Palacios, 86. min), Amaiur, Nuria Mendoza, Maitane.

ATLETICO DE MADRID Peyraud Magnin, Aleixandri, Knaak, Ludmila (Ajibade, 77. min), A. Sampedro (Claudia, 88. min), Strom (Menayo, 46.min), Mseguer, Duggan (Laurent, 63. min), Tounkara, Leicy Santos (Bernabe, 88. min), Njoya Ajara.

Epailea Verónica González Sánchez. Txartel horia atera zien Realeko N. Mendozari eta Atleticoko Tounkara eta Ludmila jokalariei.

Jazoerak Iberdrola Ligako 31. jardunaldiko partida, Zubietan, ateak itxita.

- Realak puntu bat lortu zuen atzo Atletico Madrilen aurka golik gabe berdinduta. Sailkapenean laugarren postuan jarraitzen duen talde gipuzkoarrak hainbat gol aukera alferrik galdu zituen aurkari sendo baten aurka, tartean penalti bat.

Partidaren hasieran Reala nagusi izan zen. Txuri-urdinak gehiago ziren, eta pixkanaka, aurkariak euren zelaian ito zituzten; madrildarrek kontraerasoa bilatu beste aukerarik ez zuten. Hala ere, lehen aukerak horrelaxe iritsi ziren, baina Mariasunen ingurura iritsitako bi aukerak ongi saihestu zituzten etxekoen atzelariek.

Norgehiagoka ireki egin zen etengabeko joan-etorri bilakatuz. Arriskua ate bietan sumatzen zen, baina madrildarrak zuhurrago ibili ziren. Hala eta guztiz ere, atzealdea eta etxeko atezaina emaitza hutsean mantentzeko gauza izan ziren. Realak kontraerasorako aukera bilatu zuen orduan, pazientziaz jokatuz, eta Barbararen eta Amaiurren hegaletatik min eginez; azken honek kontrako hegaletik erdiratutako baloia ederki errematatu zuen, baina Peyraud-Magnin atezainak gola saihesten asmatu zuen. Horrela amaitu zen lehen zatia, guztia erabakitzeke zegoela.

Bigarren zatia bizi-bizi hasi zen. Minutu gutxira, madrildarren atzealdeak Amaiur lurrera bota zuen aurkariaren arean eta epaileak penaltia adierazi zuen.

Nahikariren jaurtiketa indartsuak zutoinean jo zuen bete-betean, gola sartzea lan zaila izango zenaren seinale.

Atletico indarberritu eta pixkanaka sartu egin zen partidan. Gola egiteko aukera ere izan zuen Nyoja Ajarak area aurrealdetik egindako jaurtiketa batean, baina baloia kanpora joan zen.

Ondorengo minutuetan Reala berriro nagusitu zen, eta beste aukera bat eder izan zuen Amaiurrek buruz burukoan, baina atezainaren aurrean bakarrik zegoela, jaurtiketa ondo gelditu zion.

Norgehiagokaren azken zatian Atleticokoek hainbat barneraketa arriskutsu izan zituzten; eskerrak Mariasun oso fin ibili zen, eta jaurtiketa guztiak gelditzeko gai izan zen. Eta horrela amaitu zen partida.

Realak partida irabazteko aukera izan zuenaren zapore gazi-gozoarekin puntu banaketa beraz, Zubietan; ontzat hartu beharreko puntua da, ordea, sailkapenean atzetik duen aurkari indartsu baten aurka lortutakoa baita (lau puntu gutxiago ditu). Datorren astean Natalia Arroyoren neskek beste talde boteretsu baten aurka neurtuko dituzte indarrak etxetik kanpo, Bartzelona ahalguztidunaren atzetik sailkapenean bigarren den Real Madrili bisita eginez.

Sailkapenean laugarren jarraitzen duen Natalia Arroyoren taldeak Nahikarik zutoinera jaurti zuen penaltia alferrik galdu zuen