Europa League

Eibar | Mendilibar: "Ez dut partida finaltzat hartzen"

eibar MENDILIBARREN ustez, mailari eusteko aurkari zuzena den Elxen aurkako partida, "akats gutxien egiten dituenak" irabaziko du

19.02.2021 | 00:01

eibar – Jose Luis Mendilibarrek atzo azaldu zuenez, larunbatean 14.00etatik aurrera jokatuko den partidan aurkari izango duten Elxek ez omen du orain arte ikusi denaren antz handirik izango. Bere ustez, Fran Escriba entrenatzaile berriarekin gehiago ziurtatuko ditu posizio guztiak, eta emaitzak lo-tzen saiatuko delako. "Fran Escribak prestatu izan dituen taldeak ikusita, posizioak hobeto ziurta-tzea gustuko duen entrenatzailea dela esango nuke. Agian lehen baino jokalari gutxiagorekin iritsiko da gora, baina lekua ez dute orain arte bezain erraz galduko. Azkenean, entrenatzaileok hainbat gauza egin nahi izaten ditugu, baina zelaian jokalariak dira hori guztia kudeatzen dutenak", esan zuen eibartarren entrenatzaileak partidaren atariko prentsaurrekoan.

Armaginen entrenatzailearen iri-tziz, Elx sailkapenean atzetik egon arren, bi partida gutxiago jokatu ditu, eta egoera horrek mesede egiten omen die, beste bi norgehiagoka izango dituztelako "puntuak atera" eta "goian" daudenak harrapatzeko.

Elxen aurkako partida "garrantzi-tsua" dela aitortu zuen Mendilibarrek, sailkapenean Eibar baino "okerrago" dabilen aurkaria delako; horregatik, "salbazioari" begira, garaipena lortzen saiatuko direla egin ahalak eginda.

LAN ONA Jose Luis Mendilibarrek aipatu zuenez, aste honetan Eibarrek entrenamendu onak egin omen ditu eta jokalariak partidara "ondo" iristea espero du. Maila on hori "90 minutuetan" mantentzea espero du, ez "minutu batzuetan bakarrik".

Norgehiagokari aurre egiteko gakoa "alai" hastea izango da, ez beldurrez eta uzkurtuta. "Aurkariaz gutaz baino gehiago arduratuta, irabazteko aukera gutxiago izango ditugula uste dut", azpimarratu zuen.

"Gure partida jokatzen jakin behar dugula uste dut, aurrean nor izango dugun jakinda; errespetua zor diegu, noski, baina azken partidetan baino denbora luzeagoan geu izanda", gaineratu du.

Halaber, eta puntuen garrantzia kontuan hartuta, jakitun da, partidaren une batzuetan "bihotzarekin baino, buruarekin" jokatu beharko dutela, eta partidan zehar gertatzen den emaitza "kudeatzen" jakin beharko dutela.

Mendilibarrek argi esan zuen partida hau ez duela "finaltzat" hartzen, eta bere ustez, "akats gutxien" egiten dituena nagusituko dela.

Aipatu zuenez, askotan berdinketa batek eta puntu bakar batek "ezerezaren balioa" duela iruditu arren, eta are gehiago sailkapenaren zuloan dauden taldeentzat, balioa ematen ere ikasi behar omen da, izan ere, zure taldeak "puntu bat" lortzen badu, aurkariak ere puntu bakarra lortzen baitu.

"Nik beti irabazi nahi izaten dut, eta irabazteko arriskatu egin behar da; arriskua ere neurtuta, ordea, behar baino gehiago arriskatuz gero, irabazi baino galdu egingo baituzu seguruenik", aitortu zuen.

"Nik beti irabazi nahi izaten dut eta irabazteko arriskatu egin behar da"

jose luis mendilibar

Eibarren entrenatzailea