Janire González-Etxabarrik, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearekin eta Basque Teameko koordinatzaile Olatz Legarzarekin batera atzo Donostian egindako agerraldian aitortu zuenez, ametsetan murgilduta jarraitzen omen du, joan den igandean El Salvadorren munduko surf txapela erdietsi ondoren.
“Domina hau ametsa da oraindik ere , baina pixkanaka egia bihurtzen ari da. Atzo (asteartea aipatuz), Batzorde Olinpikoan jabetu nintzen errealitateaz, eta hasi naiz lortutakoaz jabetzen. Oso pozik eta harro nago lortutako guztiarekin ”, adierazi zuen zumaiarrak.
Irabazle izan zen finalera iritsi aurretik bigarren aukerako hiru txanda gainditu behar izan zituen surflari gipuzkoarrak esan zuenez, “urrats ikaragarria izan da. Iaz ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten Joko Olinpikoetarako sailkatuko nintzenik, ezta El Salvadorko Munduko Txapelketan urrea irabaziko nuenik ere”.
Denboran aurrera egin ahala jabetu omen zen “irabaztea posible zela, baina, funtsean, oso zaila iruditzen zitzaidan. Top 10ean edo goraxeago geratzea nuen helburu. Eta helburu hori izanda, emaitza ezin hobea izan da; oso pozik nago”.
Etorkizuna
Aurrera begirako helburuak ere aipatu zituen Janirek: “Une honetan Challengersetarako berriro sailkatu eta WCTra jauzi egiteko ahalegin guztiak egitea, hori baita maila gorena. Jokoak urrun samar ikusten ditut oraingoz, hiru urte hauek oso azkar pasatzen ari badira ere”.
Familia ere gogoan izan zuen zumaiarrak, noski, eta Nadia Erostarbe gipuzkoarrarekin batera Munduko Txapelketan lehiakide izan zuen Annette ahizparekin bizitako pasadizoa kontatu nahi izan zuen. “Argazkia atera genuen biok. Etxean ez dugu bion argazki askorik eta, esango nuke, horixe dela elkarrekin daukagun argazkirik onena”.