Síguenos en redes sociales:

Ibai Linacisoro: “Sentsazio onekin amaitzen badut, datorren urtean Ehunmilak proban izena ematea pentsatuko nuke”

Orain dela bi urte mendi lasterketetan parte hartzen hasi bazen ere, Ibai Linacisoro bergararra Goierriko 2 Haundiak lehen aldiz egiteko gogotsu dago

Ibai Linacisoro: “Sentsazio onekin amaitzen badut, datorren urtean Ehunmilak proban izena ematea pentsatuko nuke”Javier Colmenero

Eskiatzailea izan ondoren trailera egin zuen salto Ibai Linacisorok (Bergara, 1997). Pasa den urtean Marimurumendi mendi maratoian parte hartu ondoren, sentsazioei jarraituz Goierriko 2 Haundietan hartuko du parte aurten. Bere lehenengo esperientzia izango da maratoi distantzia baina luzeagoko proba batean (90km).

Mendirako grina familiatik datorkizu.

-Etxean betidanik izan dugu mendiarekin lotura. Anaia adibidez, ikasketak bukatuta Bartzelonan bizi da eta eskalatzailea da (Mikel Linacisoro, San Cugateko errendimendu altuko zentruan dago).

Zuk eskiarekin egin zenuen lehenengo lotura.

–Txikitatik hasi nintzen eskiatzen, bai, eta mendiarekin izan ditudan kontaktu gehienak eskiaren bitartez izan dira. Aipatzekoa da, ordea, uda partean ere mendira askotan joan izan garela bizikletarekin irteerak egitera.

Espainiako txapeldun izan zinen. Pentsatu zenuen noizbait trailera pasako zinenik?

–Egia da eskiatzen nuen bitartean hainbat mendi lasterketetan ere parte hartu nuela. Hala ere, ez nuen inoiz pentsatu trailean modu jarraituan ibiliko nintzenik etorkizunean.

Orain mendi lasterketetan jarri duzu fokua.

–Lehengo urtean lasterketa dezentetan parte hartu nuen, eta egia esan oso asebeteta bukatu nuen denboraldia. Aurten, aldiz, Goierriko 2 Haundiak egiteko asmoa nuen eta lasterketa honetan bakarrik zentratu naiz, ongi prestatzeko eta ez itotzeko. Helburu gehiegi jarri nizkion nire buruari pasa den urtean eta ia aspertu ere egin nintzen korrika egiteaz. Aurten eski ibilaldiak egin ditut neguan, eta uda partea iritsi denerako trailari eman diot garrantzi gehiago.

Zuzenean jo zenuen trailera?

–Eskia utzi nuenean, pare bat urteko tartea izan nuen kirol askorik egin gabe. Deskonektatzeko gogoa nuen. Bizikletarekin edo motoarekin joaten nintzen mendira, baina diziplina jakin batean murgildu gabe. Ondoren, uda oso bat pasa nuen bikotearekin Dolomitetan eta Alpeetan eta hor hasi zitzaidan trailarekin nuen motibazioa handitzen. Serioago orain bi urte hasi nintzen, baina inoiz ez dut mendiarekiko lotura eten. 

“Lasterketa nire kabuz ari naiz prestatzen, eta gehien bat denbora eta gogoa dudanean joaten naiz mendira entrenatzera”

Helburu gehiegi jarri izanaren emaitza izan zen?

–Uste dut baietz, horregatik aurten bakar bakarrik lasterketa honetan parte hartzea erabaki nuen. 

Zenbatetan entrenatzen duzu?

–Pasa den urtean gehiagotan, entrenatzaile bat ere eduki nuelako, baina agobiatuta bukatu nuen. Orain egia esan, nire kabuz ari naiz prestatzen eta gogoa dudanean joaten naiz mendira. Normalean hiru edo lau egunetan entrenatzen dut, eta beste batean txirrindan ibiltzen naiz.

Zer nolako sentsaziorekin iritsi zara zure lehenengo Goierriko 2 Haundiak egitera?

–Bertigo puntu batekin, ez dudalako inoiz halako lasterketa luzean parte hartu. Pasa den urtean Marimurumendi maratoian parte hartu nuen, baina 90 kilometroko proba batean parte hartzea ez da txantxa. Nerbio puntu bat badut, ez dakidalako oso ongi lasterketa nola kudeatu. Aldez aurretik parte hartu duten ezagunei galdetu diet zer jan, zer erritmo hartu, irteera nola kudeatu…

📸 Ehunmilak 2024ko argazkirik onenakPedro Martínez

7

Helbururik jarri duzu?

–Helburu nagusia proba amaitzea da, eta ibilbidean zehar ikusiko dut zer moduz noan sentsazio aldetik. 16 edo 17 ordu inguruan helmugara iristeko intentzioa daukat.

Marimurumendi maratoia bikoizten du probak. Oso bestela prestatu zara aurten?

–Bai. Pasa den urtean entrenamendu luzeak bi edo hiru baino ez nituen egin. Aurten astean behin edo bitan tirada luzeagoak sartu izan ditut gorputza ohitzen joateko.

“Pasa den urtea nahiko agobiatuta amaitu nuen eta aurten lasaiago hartu dut, Goierriko 2 Haundietan bakarrik parte hartuz”

Egin izan duzu hain distantzia luzeko probarik orain arte?

–Ez. Maratoiaren distantzia gailentzen duen lehena izango da. Horregatik dut bertigo puntu hori.

Zein izan daiteke gakoa lasterketa on bat egiteko?

–Ibilbidearen zati batzuk ezagutzen ditut jada. Txindoki eta Aizkorriko zonaldetan entrenatzen ibili naiz, baina erritmoa kontrolatzea izango da gakoa. Nire erreferentzia izango direnak baino apur bat motelago joateko asmoa daukat, kontserbadore izan.

Marimurumendi eta Goierriko 2 Haundietan parte hartuta, pentsatu al duzu etorkizunean Ehunmilak proban parte hartzea?

–Lehengo urtean oso sentsazio onekin amaitu nuen Marimurumendi maratoia eta azkar batean bururatu zitzaidan proba luzeago batean parte hartzea. Aurten ideia berbera dut. Sentsazio onekin bukatzen baldin badut, pentsatuko dut zer egin, denbora hobetzeko berriro parte hartzea edo zergatik ez, Ehumilak lasterketan izena ematea.

Beste salto bikoitza izango litzateke.

–Hala da. Beti ere aurten sentsazio onekin amaituz gero, noski.