Eskoziako Fairmont St Andrews zelai entzutetsuan, Europako zirkuitu ohia den DP World Tourreko golfeko Hero Openean, Adrian Otaegik hirugarren postua lortu zuen. Sean Crocker estatubatuarrak lortu zuen azkenean garaipena bere palmaresa estreinatuz, 68 kolpeko azken ibilbidearekin (parearen azpitik lau kolpe), guztira 266 kolpe behar izan zituelarik (-22).

Sean Crocker, mundu mailako 241. jokalaria da eta orain 25 urte jaio zen Hararen (Zimbabwe), Estatu Batuetako herritartasuna badu ere; eta ametsetan ere ez zuen zelai ederragorik hautatuko bere profesional mailako lehen garaipena erdiesteko, St. Andrews mitikoan eskuratu baitzuen. Ez nolanahiko garaipena, gainera, hasieratik bukaerara nagusi izan baitzen: lehen jardunaldian bertan kokatu zen lider, eta gainerako hiru egunetan inor ez zen handik kentzeko gauza izan.

Igandean, partidako lagun zituen Jens Dantorp suediarrarekiko bi kolpeko abantailaz eta Adrian Otaegirekiko hirukoaz ekin zion azken ibilbideari. Aurrera egin ahala sufritu egin behar izan zuen lidergoari eusteko, 9. zuloaren ondoren Otaegi (-18) kolpe bakarrera hurbildu bai-tzitzaion estatubatuarrari (-19).

Baina Otaegik 10ean huts egin zuen eta Crockerrek, aldiz, birdiea zulo berean, bien arteko distantzia hiru kolpetara eramanez. Handik aurrera, eta ordurako Dantorp atzeratuta zebilela kontuan izanik, estatubatuarrak erosoago kontrolatu ahal izan zituen bere partidako arerioak.

Kontrol horretatik ihes egiteko gauza izan zen bakarra Eddie Pepperell ingelesa izan genuen, 65 kolpeko (-7) ibilbide aparta borobildu baitzuen. Emaitza horrekin -21ekoa aurkeztu zuen klubeko egoitzan, bigarren postua ziurtatuz, eta Crockerrek huts egin zain egon zen, sikiera berdinketa-haustekoa jokatu gogoz.

Arrisku handiegirik hartu gabe,

Crockerrek ez zuen hutsik egin; azken zortzi zuloetan beste bi birdie egin zituen, egunean 68 kolpe eman, eta profesional mailako lehen garaipena emango zion orotariko -22ko emaitza lortu zuen. Bost urte zituela familiarekin Kaliforniara joan zen cricket jokalari profesional izandakoaren semeak, non eta St Andrewsen eskuratu zuen bere lehen garaikurra.

Otaegik ere 68koa lortu zuen, sei birdie eta bi bogey, guztira -19rekin amaitu zuelarik, David Law eskoziarrarekin partekatutako hirugarren postuan. Sailkapen bikaina donostiarrak lortutakoa, nahiz eta nolabaiteko zapore mingotsa ere utzi, batik bat azken bi jardunaldietan txapelketaren lidergotik oso hurbil ibili zelako.