Síguenos en redes sociales:

Bero ala hotz, hasieratik bukaerara Aralarren

Bero ala hotz, hasieratik bukaerara Aralarren

Ehunmilak bezalako proba luze bat aurrera ateratzeko, ehunka boluntarioren lana behar da. Guztien ekarpena da garrantzitsua, baina batzuena berezia da. Ibilbideko puntu altuenetan lan egiten dutenena, adibidez. Horien artean dago Jesus Mari Kortaberria Maliren taldea. Larraitzetik Uarrainera doan ibilbidearen zatiaz ardura-tzen dira.

Kortaberria Ehunmilak proba antolatzen duen Arrastaka klubeko lehendakaria da. Mikel Valdivielsok Ehunmilak proba antolatzea proposatu zionean, berehala baiezkoa eman zion.

Kortaberriaren taldea Larraitzetik Uarrainera doan ibilbide zatiaz arduratzen da. “Taldea 20 bat lagunek osa-tzen dugu. Ibilbidea balizatzeaz gain, Txindokiko lepoan denbora kontrola jartzen dugu. Bestalde, ibilbidean lau kanpin denda jartzen ditugu. Lau toki horietan boluntarioak egoten dira, lehen korrikalaria pasatzen denetik azkena pasatzen den arte. Helburua, zerbait gertatuz gero, korrikalariei lagundu ahal izatea da. Izan ere, medikua Uarrainen dago. Guk mantak ditugu, dendetan babesa eman diezaiekegu...”.

Izan ere, Kortaberriaren taldeak ibilbideko toki altuenetako batean lan egiten du. “Urte hauetan guztietan denetik pairatu dugu: hotza, beroa, ekai-tzak, lainoa, haizea... Denetarako prest egon behar dugu. Horra gora joaten garen boluntariook mendian esperientzia dugu”.

Dena ondo joan dadin, oso gogor lan egin behar da. “Urtean zehar, materiala garbitu eta konpontzen dugu, hurrengo edizioan erabili ahal izateko. 8.624 baliza ditugu, ibilbide osoa markatzeko. Bestalde, gaur (ekainak 27) bertan mendira eramango dugun materiala biltzeko gelditu gara: kanpin dendak, botak, lo egiteko zakuak... Bihar bertan guarda batek material hori Txindoki azpian dagoen txabola batera eramango du. Artzainen laguntza ere azpimarratu nahi dut. Beraien txabolak uzten dizkigute materiala gordetzeko eta eguraldi txarra egiten badu kafe bat hartzera gonbidatzen gaituzte. Hurrengo egunetan ibilbidea balizatuko dugu”.

Txalaparta

Probaren eguna heltzen denean, 40 bat ordu emango dituzte mendian. “Taldeko hiru lagunek jai hartzen dute. Ostiral goizean mendira joaten gara, balizek hor jarraitzen dutela ziurtatzeko. Abereren batek baliza bat hautsi badu, konpondu egiten dugu. 20.00ak aldera taldekide gehiago heltzen dira. Eta larunbatean gutxi batzuk gehiago heltzen dira, gaua egin dutenei erreleboa emateko eta proba bukatzen denean materiala jasotzeko”.

Korrikalariek boluntarioen lana eskertzen dute. “G2 probako parte hartzaileek gauean gu han ikusteak indarra ematen diela esaten digute. Goizean, proba luzeko lehenengoak heltzen dira. Hasieratik Astigarragako bi txalapartari gurekin etor-tzen dira. Korrikalariei sekulako indarra ematen die txalaparta gero eta gertuago entzuteak, hor goran beraiei laguntzeko prest dagoen jendea dagoela jakiteak”. l