Filma Txinan kokatzen da, 1997. urtean. Hilketa sorta batek Fentun hiria kolpatzen du eta bat-batean krimenak misteriotsuki eteten dira, agintariek erruduna nor izan den aurkitu ahal izan gabe. Zortzi urte beranduago, 2005. urtean, biktimetako baten gertuko polizia gazte batek ikerketa berriro zabaltzea erabakitzen du.

Herrialdeak aldaketa asko bizi izan zituelako eta bertako gizartea ulertzeko funtsezkoak direlako aukeratu zituen zuzendariak urte horiek pelikula girotzeko. "Txinako ipar-mendebaldean filmatuta dago eta leku hori ezaguna da industria astunagatik. Garai horretan ekonomia arloan aldaketa asko izan ziren eta inguru horretan fabrika askok arazoak izan zituzten lanean jarraitzeko. Pelikula honetan hori islatzen bada ere, ez dugu zehazki gai hori jorratu nahi izan", zehaztu zuen atzo Zhang Jik Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu duen filma proiektatu ostean ospatu zen prentsaurrekoan.

Pandemia dela eta, filmeko lantaldeak ezin izan zuen Donostian egon, baina zuzendariak bideokonferentzia bidez azaldu zituen pelikularen inguruko xehetasunak.

Suspense eta drama generoetan kokatzen bada ere, bi protagonisten arteko maitasun istorioak ukitu erromantikoa ematen dio pelikulari. Zhang Jik aktore nagusiak nola aukeratu zituzten azaldu zuen. "Zhou Dongyu eta Liu Haoran oso aktore onak eta ezagunak dira Txinan. Gidoia idazten ari ginenean Zhou Dongyu geneukan buruan paper hori egiteko. Gizonezkoaren kasuan aldiz, beste hautagai batzuk zeuden hasieran, baina irudi desberdin bat bilatzen genuen eta azkenean pentsatu genuen Liu Haoran zela egokiena pertsonaia hori gorpuzteko", azaldu zuen zuzendariak.

Pelikula oinarrituta dagoen eleberriak garrantzi handia izan zuen Txinan, sari asko irabazi zituen eta hori ere izan zen pelikula egiteko arrazoietako bat. Zailena filma osatzeko eleberriko zatiak aukera-tzea izan omen da. "Eleberriaren estentsioa ezin da filmarekin alderatu. Guztia laburtu behar zen eta horretarako gehien gustatzen zi-tzaizkigun zatiak aukeratu behar genituen. Bost urte eman genituen lan hori egiten", zehaztu zuen.

Mundu guztia kolpatu duen pandemiak ere izan zuen eragina pelikula honetan. Zailtasun asko aurkitu zituen lantaldeak bidean eta horietatik nagusiena estreinaldia atzeratzea izan zen. Hala ere, ekoiztetxearekin "lan eta esfortzu" asko egin ostean, lortu zuten euren helburua betetzea. "Zailena ez zen izan aktoreak aukeratzea edo pelikula editatzea, bizi genuen egoeran lan hau aurrera ateratzea baizik", nabarmendu zuen.

Gaur egun Txinan zinema egiteko "aukera asko" dagoela adierazi zuen Zahang Jik, baina ez zen ausartu bertako industriaren inguruko balorazio bat egiten. "Ez nuke jakingo pelikula onak edo txarrak egiten diren esaten", aitortu zuen.

Fire on the plainek behintzat Zinemaldiko Sail Ofizialean lehia-tzea lortu du aurten, baina zuzendariak parte hartu duen pelikula gehiago ere proiektatu izan dira Donostian. Ba Bai Bang (Letters from Death Row) filmean adibidez, argazki-zuzendari lanetan jardun zuen eta 2008an New Directors sailean lehiatu zen Zinemaldian.

"Zailena ez zen izan aktoreak aukeratzea edo pelikula editatzea, lan hau aurrera ateratzea baizik"

'Fire on the plain' filmaren zuzendaria