Uda musikatu batentzako liburu sorta

Oporretan ere musika burutik kendu ezinean gabiltzanentzako liburu gomendagarriak

28.06.2021 | 14:48
Uda musikatu batentzako liburu sorta

HELDU da San Juan gaua eta estreinatu dugu uda partea. Gogoz hartzen dugun garaia, eta duela gutxira arte, kontzertu, jaialdi eta herriko plazetako erromerien garaia, pandemiak galarazi zigun arte. Beraz, musikazaleok gutxienez hurrengo udara arte itxaron beharko dugu gure musika kutunenarekin patxadaz dantzatu, garrasi egin eta hunkitzeko. Eta bitartean zer? Bada, interneten eskuragarri dauden kontzertu eta dokumental guztiak ikustea izan daiteke aukera bat, beste bat musika taldea eratzea, eta nire proposamena: azkenaldian argitaratu diren musikari buruzko liburuetan murgiltzea. Horregatik gomendatuko ditut hemen niretzako interes handiena dutenak eta momentu zail hauetan bizigarria piztu didatenak. Luxua da liburutzar hauek zuekin partekatzea, eta are gehiago liburutegi publiko sarean eskuragarri izatea. Erosiz gero, kontsumo arduratsua eta bertako liburu-dendan erostea gomendatuko nizueke, eta batez ere, irakurtzea. Gainera€ Reading is sexy eta badakizu!

'Izar Beltz Ateneoa'

Andoni Fernandez (DDT, 2020)


Andoni Fernandez Azkaraik ohiko autogestio eta kolaboratzaile ezinbestekoez lagunduta 2020ko azaroan argitaratu zuen DDTren bidez harribitxi hau, bere bigarren liburua (punk zalea izatekotan, bota begirada bat Mierda de Bizkaia y sus grupos punks maketeros 1977-1989 liburuari). Ateneoko entsegu lokalaren eta bertan egiten zen musikaren bitartez Izar Beltz Ateneoaren istorioa kontatu du oraingoan Andok, 2006an okupatu zutenetik, 2017ra arte. Bilbon egon den ateneo anarkista bakarra izan zen Izar Beltz, eta bertatik 40 bat talde atera ziren. Batez ere punka jorratu zuten, baina aniztasun handiarekin: hardcorea, neocrusta, post-punka€ badago talde madarikatuei eskainitako atal bat ere. Dena maitasun handiz eta hizkera apalean idatzia, argazkiz gainezka eta talde bakoitzaren abesti bat dakarren CDa gehigarri. Bilboko azken urteetako punk mugimenduaren jarraitzaileentzako ezinbesteko dokumentu hunkigarria.

'Making Flu$'

El Bloque (Penguin, 2021)


Bartzelonako El Bloque kolektiboak urteak daramatza estatuko trap eta bestelakoak aztertzen irratsaio eta Youtubeko saio profesionalaren bitartez. Azken urteetako artista esanguratsuenak elkarrizketatu dituzte, hala nola Yung Beef, Bad Gyal edo C. Tangana. Hiru urteren bueltan, aztertutako guztia liburu batean bildu dute. Eta zelako liburua! Bai eduki eta bai forma aldetik bikaina. Fenomenoaren atal guztiak aztertzen dituzte: aurrekariak, memeak, beefak€ Guztia diseinu garaikide eta txukunean bilduta, koloretako argazki sorta eta gehigarri interesgarriz gainezka, azal gogorrean€ Azken iraultza musikalaren lekuko paregabea, zeharka aztertuta.

'Neskatxa Maite'

Elena López (Aianai, 2015)


Potato taldean gitarra jotzen zuen Elena Lopez Aguirrek 80ko hamarkadan. Gerora, talde bereko Pedro Espinosarekin Aianai argitaletxea eratu zuen, haien idazkiak kaleratzeko. 1996an Del txistu a la telecaster argitaratu zuen, euskal rockaren kronika. Oraintsu podkast formatura itzuli da EITB podkast plataforma berrian. Baina gomendatu nahi dizuedan liburua 2015ean argitaratutako Neskatxa maite: 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar da, izenburuak dioen moduan kapitulu bakoitza emakumezko musikari bati eskaintzen diona. Arrazoi askorengatik da interesgarria lana: alde batetik, euskal emakumezko musikarien lanari balioa ematen diolako eta bestetik musika estilo oso ezberdinak jorratzen dituelako. Hau da, ez da estilo eta musikari ezagunetara mugatzen, musika mota eta lanbide ezezagunagoak jorratzen ditu. Hala nola, Tarratada triki punk bikotea edo Inés Menéndez, Gaueko areto mitikoan programatzailea edo Marivi Ibarrola kontzertu argazkilaria.

'Loops'

Javier Blánquez eta Omar Morera (Reservoir, 2018)

Liburu hau ez da hondartzara eramateko aproposa, aitortu beharra dago. 2002an argitaratu zen lehenengo aldiz musika elektronikoari buruzko 700 orrialdeko biblia hau, eta ordutik bederatzi edizio daramatza, eta bigarren alea ere argitaratu da, musika garaikidea jorratzen duena. Lehen ale horretan, bi idazleek XX. mendeko dantzarako musika, musika esperimentala eta elektronikako aldaera guztiak aztertzen dituzte. Erik Satieren inpresionismotik edo Luigi Russoloren futurismotik abiatuta Daft Punken french touch edo Fatboy Slimen breakbeatera arte. Gainera, erdialdean estilo mapa erabilgarria du, eta Spotifyko abesti zerrendak, irakurri bitartean entzuteko. Benetan merezi duen liburua, hori bai, dosi txikietan irakurtzen joateko.

noticias de noticiasdegipuzkoa