Handituz doa Ganbila antzerki bilduma. Susa argitaletxeak eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak sortutako proiektuak bigarren labealdia atera du; hainbat antzezlan biltzen dituzten hiru liburu argitaratu berri dituzte eta sei dira jada eskuragarri dauden lanak. Eneritz Artetxeren eta Dxusturi teatroaren Isiltasuna, Kepa Errastiren eta Xake produkzioaken Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun dira kaleratu dituzten azken hiru lanak. Helburua da antzerki garaikidea jasoko duen bilduma bat sortzea, eta oholtzan dauden euskal teatroko estilo eta belaunaldien erretratu bat egitea.

Iazko abenduan jarri zuten abian euskal antzerkigintzari eskainitako proiektua. Oier Guillan koordinatzaileak azaldu duenez, "hutsune" hori zegoen euskal teatroan: "Bazegoen interes bat, baita argitaratzea merezi zuen lan masa oso interesgarri bat ere". Azaldu duenez, hainbat estilo ukituta eratu nahi dute bilduma. "Agerian utzi nahi dugu euskal teatroak nolako aniztasuna duen, segur aski antzerkizaleok eta irakurzaleok ez baitugu nahikoa ezagutzen", adierazi du. Horretaz aparte, antzerkigintzan "sare" bat sortzeko beta ere eman die Ganbilak. Bilduma osatzen duten lanak argitaratzeko "moldaketa handia" egin behar izan dutela aitortu du, egileek ez baitzituzten testuak idatzi irakurleengan pentsatzen; buruan ikuslea zutela egin zituzten obrak. "Akotazio asko, esaterako, berridatzi egin behar izan ditugu, normalean aktoreentzako oharrak izaten direlako", azaldu du.

Bildumak oso harrera ona izan duela adierazi du Guillanek, eta azpimarratu du arlo askotan horren zain zeudela, antzerki eskoletan, esaterako. Liburu sorta horrek aukera emango du transmisioan eragiteko. "Uste dugu oso garrantzitsua dela, antzerkira datozen belaunaldi berriek ez dezaten sentitu zerotik hasi direla", gaineratu du. Hala ere, erronka handiena "irakurlegoa sortzea" dela iritzi du. Azaldu duenez, antzerkia da literatur generoen artean gutxien irakurtzen denetako bat. "Guztiz desaktibatuta dago irakurlegoa, eta horretan eragiteko erronka daukagu, sinesten dugulako kalitatezko edukia dagoela", zehaztu du. Irakurleek "ahots berriak" ezagutzeko aukera izan dezaketela aipatu du, eta askok sorpresa hartuko dutela ikustean gaurkotasunezko zenbat gai lantzen diren antzerkian.

Proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute. "Zerrenda luzea daukagu publikatzeko, eta desiratzen gaude lan horiek argitaratzeko, asko baitago egiteko", aitortu du Guillanek. Irakurleak fidelizatzeko asmotan, bildumara harpidetzeko aukera eman dute. Horretarako, www.ganbila.eus webgunean eman behar da izena. Horrela, irakurleek etxean jasoko dituzte liburuak, argitaratu bezain pronto eta banaka erosita baino merkeago. "Hori da harpidedunei eskaintzen dieguna, baina beraiek guri ematen digutena askoz gehiago da, proiektu hau posible izatea ahalbidetzen dutelako".

Bi istorio eta liburu bat

Eneritz Artetxeren bi antzezlan biltzen ditu Isiltasuna izeneko liburuak; alde batetik, izen bera duena, eta bestetik, Karramarroa. Antropologo bat da lehenengo istorioko protagonista, eta haren bitartez, bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko loturak eta kontraesanak lantzen dira. "Munduaren aurrean nolako borroka daukagun ikusten da, baina baita etxe barruan zein politika egiten den ere", azaldu du Artetxek. Antzezlan horren bitartez, "buruan bueltaka" zituen hainbat gai landu ditu: adiskidetasuna, amatasuna, dibortzioa, feminismoa eta umeenganako indarkeria, besteak beste. Inoiz taularatu gabea da Isiltasuna, eta Artetxek adierazi du "oso berezia" dela paperean oholtzan baino lehenago ikustea. Hala ere, aitortu du hasieran zalantzak izan zituela: "Ez nekien egokia izango zen, baina uste dut onerako izan dela, bultzada handia eman baitio eta ez baita ordenagailuan gelditu". Azaldu duenez, "izugarrizko gogoa" dauka antzezlana taula gainean ikusteko. "Aktore bakoitzak bere ekarpena egiten du eta jostailu bat bezalakoa da", gaineratu du.

Karramarroa, aldiz, "Frankestein testu" bat dela adierazi du. Izan ere, bakarrizketa bat bezala planteatu zuten hasieran, baina ez zutenez guztiz argi ikusi, moldaketak egin behar izan zizkioten. Azkenean, Pablo Ibarluzea zuzendari zutela eta Antton Lukuk proposatutako hainbat aldaketekin eraman zuten oholtzara antzezlana.

Artetxeren ustez, obrak liburuetan argitaratzeak "ahalduntze sentsazio" ematen dio lanari, "garrantzia" bat. "Antzerkia arte iragankorra da, eta hitzak haizeak daramatza, baina hau gerorako ere geldituko da", adierazi du. Horrez gain, aipatu du aukera ematen duela Isiltasuna obraren kasuan bezala, antzokietara iritsi ez diren lanak plazaratzeko, baita "bizi laburra" izan dutenak jasotzeko ere. Iritzi du paperak abagunea ematen duela antzezlanak behin eta berriz irakurtzeko, aztertzeko eta ikertzeko. Artelanen sorkuntza prozesua interesgarria iruditzen zaio Artetxeri, batzuetan emaitza baino gehiago: "Prozesu horren inguruan hitz egiteko aukera ematen du liburuak, eta beste irakurketa bat egitekoa".

Amonari egindako omenaldia

Omenaldi bat egin nahi izan dio Kepa Errastik amonari Mami Lebrun. Amona hil izanak bultzatu zuen Errasti istorioa idaztera, nahiz eta ideia aurretik zeukan buruan. Hil berri den amonari omenaldi bat prestatzen ari den bikote bat da antzezlanaren protagonista. Etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuetan oinarrituta, hark gaztetan Parisko kabaret batean bizitakoak kontatzen dute. "Askotan ez gara konturatzen guretzat rol konkretu bat duten pertsonek, gurasoek edo aitona-amonek, esaterako, bizitza bat izan dutela, batzuetan ezagutzen ez duguna eta agian ez daukaguna zertan ezagutu", azaldu du Errastik. Antzezlana bi planotan banatu du; alde batetik, omenaldia prestatzen dabilen bikotea dago, eta bestetik, aktore berdinek antzezten dituzten amona eta haren Parisko maitalea. Bi plano horiek bereizteko, euskalkiak erabiltzea erabaki du. "Bat-batean pasatzen dira plano batetik bestera, ez dago inolako aldaketa handirik, eta polita iruditzen zitzaidan euskalkia izatea erreminta dramaturgikoa", zehaztu du.

Obra antzeztokietan izan zenean lantalde bat izan zuen Errastik, eta bi kideri liburuan parte hartzeko eskatu die. Ane Pikazak egindakoa da azaleko irudia eta Ainara Ortegak idatzi du hitzaurrea. Aitortu du antzezlana "magikoa" izan zela, emanaldi asko egin zituztelako, oso erantzun ona izan zuelako eta Donostiako Antzerki Saria irabazi zutelako, besteak beste.

Errastiren ustez, Ganbila bildumak "ondare kultural" bat sortzeko aukera ematen du, "artxibo edo biltegi" bat eratzekoa. Gaineratu du ederra izan daitekeela hemendik urte batzuetara beste norbaitek obra hori hartu eta antzeztea: "Polita izango litzateke beste begirada batetik ikustea". Orain irakurleen iritzia ezagutzeko "kuriositatea" dauka. Obra ikusi ez duen norbaitek liburua irakurtzean zer imajinatu duen jakin nahi du.

Abiadura handiko drama

Hiru geltoki lurrun liburuan Galder Perezek idatzitako hiru antzezlan daude. Lurrun minez izenekoa da lehenengoa. Gabon gau batean hiru pertsonak topo egiten dute sauna batean. Testuinguru horretan, pasioa, desioa, amorrua eta boterea bezalako gaiak lantzen dituzte. Perezek azaldu duenez, "koktel tragiko" bat da, baina komedia ere badauka. Cafe Bar Bilbaoren saria irabazi zuen iaz. Zinegoak jaialdian antzezlanaren aurrestreinaldia egin zuten, eta Loraldian estreinatu behar zuten obra, baina koronabirusaren pandemia dela eta, bertan behera utzi behar izan zuten. Hala ere, urriaren hasieran Bilboko La Fundicion aretoan egingo dutela iragarri dute.

Lau metrora antzezlanak, berriz, benetako gertaera bat du abiapuntu. Tren batek mozal legearen aurkako pintaketa bat egiten zebilen gazte bat harrapatu zuen, eta koman gelditu zen. Ospitalean kokatu du istorioa Perezek, eta amaren eta tren gidariaren arteko elkarrizketa imajinatu du. "Drama bat da, misteriotsua, eta errua eta erabakiak azaleratzen dira", zehaztu du.

Azken antzezlanak Off the record du izena. Kazetaritzaren miseriak, ustelkeria eta botere gosea landu ditu, besteak beste. "Komedia beltza da; tragedia bat kontatzeko komedia aukeratu dut", adierazi du. Izan ere, Perezen ustetan, komedia egiteak ez du esan nahi gai sakonak ukitu ezin direnik. "Komedia, batzuetan ez da baloratzen, badirudi mailarik ez duela, eta horrekin apurtu behar dugu", nabarmendu du. Oso ezberdinak dira euren artean liburuak biltzen dituen istorioak, baina osotasun bat ematen diote. "Abiadura handiko trena beharrean, abiadura handiko drama dela esango nuke, eta tren horrek hiru geltoki oso intimotara garamatza", azaldu du egileak.

Perezen iritziz, jendeari nolabaiteko "errespetua edo beldurra" ematen dio antzezlanak irakurtzeak. "Ezjakintasuna" faktore garrantzitsua izan daitekeela uste du. Daukan sentsazioa da behin liburua argitaratuta "erabat galdu" duela lanaren kontrola: "Antzezlan bat egiten duzunean, ikusi egiten duzu nola erreakzionatzen duten ikusleek, baina liburuarekin ezin dugu jakin nork irakurriko duen, ezta noiz ere". Hala ere, zirrara berezia eragiten dio horrek ere, ez jakiteak zer bide egingo duen obrak, ezta irakurleek nola interpretatuko duten ere.