Bere sorterria atzean utzi eta Afrikatik Europara heltzen den migratzaile baten istorioan oinarritzen da Miñan eleberria. Ez da, baina, migrazio kasu ohikoa. Europara abiatzeko hasierako helburua ez da migratzaile gehienek duten berbera, hots, bizitza duinago bat aurki-tzea. Hain zuzen, eleberriaren protagonista Europara iristeko inten-tzio gabe abiatutako migratzailea da. Ibrahima Balde ginear gaztearen istorioa kontatzen du liburuak eta Amets Arzallus kazetari eta bertsolaria arduratu da istorio berezi honen lekukotza idazteaz.

Behinola amaren deia jaso zuen Baldek, anaia txikia etxetik agertzen ez zela esanez eta Libian egon zitekeela ohartaraziz. Orduan, bere bila abiatzea erabaki zuen, eta bidean baldintza ikaragarriak, torturak, bahiketak, beldurrak eta bakardadea pairatuta, Europara iritsi zen.

Baldek Afrikako zeharkaldian bizitako egoeretan ardazten da kontakizuna. “Hasieratik argi izan nuen Afrikan hasi eta Afrikan amaitzen zen liburu bat egin nahi nuela”, azaldu du Arzallusek. “Notizietan jasotzen dugun zatirik handiena mediterraneoaren zeharkaldia edo zeharkalditik honantz gerta litekeena da eta horra bitartean, badago errealitate bat ez dena hain kontatua eta kontatu behar dena”, gaineratu du. Baldek Europara abiatzeko izan zituen arrazoiak eta Afrika zeharkatzean, Libia edo Maroko igarotzean, gertatutako pasadizoak kontatzeko beharrak bultzatuta erabaki zuen Arzallusek eleberria idaztea.

Afrika hegoaldetik iparraldera zeharkatu ostean, Irungo Harrera Sarean ezagutu zuten elkar Baldek eta Arzallusek. Bien arteko harremana eratzearen hasierako helburua ginearraren asilorako prozeduran laguntzea zen, baina Balderen kasua hainbat arrazoirengatik desberdina zela ikusi zuen hasieratik Arzallusek. “Bere hitz egiteko moduak, gauzak kontatzeko moduak eta bere begirada nahiko bereziak atentzioa eman zidaten”, kontatu du Arzallusek.

BIAK EGILE

Elkarlanean sortutako eleberria da Miñan. Hala ageri da liburuaren azalean bertan; bi dira egileak: Ibrahima Balde eta Amets Arzallus. Batak ahoz esandakoak, besteak idatziz jaso ditu kontakizuna osatzeko. Ariketa berri bat izan da Amets Arzallusentzat eta, azaldu duenez, esperientziak buruhauste dezente izan baditu ere, barnean zeukan motibazio eta indarrari eutsita lortu du askatzea. “Nahi nuen bere ahotsa ahal beste nabaritzea, ikusten nuen Ibrahimaren ahozkotasunak izugarrizko indarra zuela”. Hori horrela, idazketa prozesuan irakurleak bere eskua ikusi baino Ibrahimaren ahotsa entzun dezan saiatu da kazetaria. “Bere bizipen eta korapilo guztietan kontatzeko modu horrek bazuen zerbait oso indar-tsua, eta hori zen bezala agertu nahi nuen”.

Pasadizo gogorrez jantzia dago kontaketa, detaile txikiz kontatua. Elkarrizketa dezente egin zituzten biek lagunarte giroan eta horietan Baldek herrialdeak zeharkatzean bizitako egoera eta lekuen berri kontatzen zion. Halaber, behin baino gehiagotan adierazten du dena ahaztu nahia edo bizitzeko gogo eza. Pasatakoak pasata ere, Arzallusek nabarmendu du begirada gardena gordetzen zuela aldi oro ginearrak. “Gainera, oso deskripzio bisualak egiten zituen, baina sekula juizio batean sartu gabe”. Hori entzule edota irakurlearen esku utzi dute bai kontalariak zein idazleak. Horra iristea lortzeko, Arzallusek azaldu du kontuz ibili behar izan dela Balderi zenbait kontu galdetzerakoan: “Esaten nizkion gauza guztiak ondo neurtu behar nituen, hitz egiteko modua zaindu, zeren eta egiten dituzun galdera batzuk zure ustez galdera neutro izan daitezke, baina zauritu dezake bere baitako zerbait”.

EUSKARA, NEURRIRA

Pularra da Balderen ama hizkuntza eta euskara Arzallusena. Elkarrizketak, aldiz, frantsesez egin dituzte eta Arzallusek aitortu du beretzat buruhauste zailena baina aldi berean interesgarriena eta motibazio iturria hizkun-tza izan dela. “Bere ahozkotasuna hain da berezia, hitz egiterakoan logika propioak izatearen ondorioz, euskara batzuetan hautsi eta asmatu behar izan dut, bere neurrira jar-tzeko”. Testua fintze aldera, hamaika aldiz irakurri du argitaratu aurretik. Halaber, migratzaile baten istorioa euskaraz argitaratzeak eta euskarazko mezu bat zabaltzeak erabateko zentzua du Arzallusen-tzat. Are gehiago, Balde eta bere artean emandako hizkuntzen errealitate osoa agertu nahi izan du. Horren erakusle, Miñan, eleberriaren izenburuak euskararekin oihartzun musikala du, baina, haurride ere esan nahi du pularrez eta horregatik aukeratu zuen Arzallusek. “Uste dut pularrezko hitz horretan biltzen dela sinpleki istorioa, hau da, Ibrahimaren norabideak eta zergatik etorri den Europara etorri nahi izan gabe”.

ZENBAKIEN ATZEAN

Etorkizun hurbilera begira eraikitzen du egun bakoitza Baldek. “Ez zen Europara iristeko abiatu baina egun Europan dago bideak ekarri duelako eta ikusi du hemen hau zer den, ikusi du hemen lantxo bat eginez gero irabaz dezakeenak atzean gelditu direnei zenbat laguntzen dien”, uste du Arzallusek. Ama eta arreba txikiak ditu Ginean eta beraiei laguntzea da bere lehentasuna. Migratzaileen kasuek, “bat bezala hartzen ditugun pertsonak”, zenbat bide, korapilo eta motibo desberdin izan ditzaketen erakutsi nahi izan duela aitortu du Arzallusek. “Zenbaki hutsetan ezagutzen ditugun pertsonen atzean, ahots bat, gorputz bat, pertsona bat eta bizitza bat dagoela erakustea eta hemen sentsibilitate pixka bat zabaltzea ere bai”.