Síguenos en redes sociales:

Agatha Christie-ren heriotzaren 50. urteurrenean, hamaika hilketa euskaraz

Igelak euskarara ekarri du idazle britaniarraren ‘Hilketa bat iragartzen da’ nobela, Amaia Gurbindo itzultzailearen eskutik

Agatha Christie-ren heriotzaren 50. urteurrenean, hamaika hilketa euskarazRuben Plaza

Agatha Christie (1890-1966) entzutetsuaren heriotzaren50. urteurrenarekin bat eginez, idazleak sortutako euskarazko misterio edo hilketa berri bat aurkeztu zuen atzo Igela argitaletxeak Donostiako Liburutegi Nagusian. Hain zuzen ere, Hilketa bat iragartzen da nobela, zigiluak orain arte “hilketaren erreginaren” bibliografiatik argitaratutako hamaikagarrena da. Guztira, 66 dira hark idatzi zituen eleberriak, beste hainbat narrazio bilduma eta antzezlanekin batera –ehundik gora hizkuntzetara itzulita daude– eta Hilketa bat iragartzen da bere 50. liburua da, kasualitatez-edo, 1950. urtean argitaratua. Are gehiago, Inazio Mujika Iraola editoreak eta Amaia Gurbindo itzultzaileak gogora ekarri zutenez, literaturaren historian egile arrakastatsuenetarikoa da Christie, bi bilioitik gora ale saldu dituelarik. “Christiek jolas moduko batean sartzen du irakurlea eta, nolabait, ikerketan parte-hartzera gonbidatzen du, testuan pistak sakabanatuz eta bukaeran ustekabeko konponbidea eskainiz”, azpimarratu zuen editoreak.

Hercules Poirot, Jane Marple, Tommy eta Tuppence Beresford dira, besteak beste, idazleak sortutako detektibe ezagunenetarikoak. Hilketa bat iragartzen da eleberrian, “begirada zorrotzeko” Marple andereñoa izango da ikertzaile lanak egingo dituena, istorioan nahiko berandu agertzen bada ere.

Alegiazko Chipping Cleghorn “herri lasaian” girotua dago trama. Herritxo horretako egunkarian hilketa bat iragartzen duen iragarkia argitaratzen denean, herritarrek ez dute serioski hartuko. “Festa makabro” baterako deia besterik ez dela pentsatuko dute. Agatha Christiek bestelako zerbait lortzen du ordea, irakurleak hiltzailea edozein izan daitekeela pentsaraztea. “Guztiok detektibe garela sentituko dugu, hori da bere jolasa”, azaldu zuen Mujika Iraolak. Zentzu horretan, Gurbindok gaineratu zuenez, herritarrak “ez dira larrituko”, baina “ustezko jai horretan benetako hilketa bat gertatzen denean, orduan bai, nahasmen handia sortuko da”.

Bestalde, liburua argitaratu zen garaiko testuingurua azpimarratu nahi izan zuen editoreak, gaurko egunarekin dituen antzekotasunak azaleratzeko. II Mundu Gerra osteko –eta Gerra Hotzaren lehen urteetako– landa giroko Britainia Handia deskribatu zuen Christiek; eskasia garaia zen eta gerra errefuxiatuen aurkako mesfidantza nabarmen zabaldu zen. “Inork ez du ezagutzen ondoan duen pertsona, zer egiteko gai izan daitekeen. Horrek paranoia zabaltzen du. Hori da liburuaren ideia nagusia”, aipatu zuen Mujika Iraolak.

Bestalde, Hilketa bat iragartzen da eleberriak badu beste berezitasun bat, Uxue Razquin Ereingo editoreak ai-tzinsolasean aipatu duena. Liburuan elkarrekin bizi diren bi emakume aurkezten dizkigu autoreak, eta “bikote ote diren” ere iradokitzen du, zerbait oso ausarta eta aurrerakoia XX. mendearen erdialdean kokatua dagoela kontuan izanik.

Itzulpena

Amaia Gurbindok euskarara itzuli duen lehen nobela da Igelak argitaratu berri duen hau. Ondo ezagutzen zuen Christie-ren unibertsoa, etxean jaso baitzuen; berak aitortu zuenez, gurasoak idazle britaniarraren oso zaleak omen dira.

Christie-ren idazketa estiloari erreparatuz, prosa erraza dirudiela azaldu zuen itzultzaileak, esaldi motz eta elkarrizketa askokoa. Nolanahi ere, irakurleak testua arina edo sakontasunik gabekoa balitz bezala hartuko balu, informazio asko galduko lukeela iruditzen zaio Gurbindori. “Irakurleak mimoz irakurri beharko luke, susmo pixka batekin. Horrek egiten du interesgarri horrelako nobela bat”, esan zuen.

Euskarara ekartzerako garaian gehien kostatu zaiona, testuan zehar sakabanatuta agertzen diren hitz joko txikiak izan omen dira: “Informazioa lerro artean eman behar denez, ingelesetik euskarara itzultzean oso garrantzitsua da zer esan nahi dugun gehiegi ez argitzea”. Beraz, irakurleak argi-argi ibili beharko du, liburua amaitu baino lehen, detektibeen antzera, hiltzailea nor den asmatu nahi badu.