Síguenos en redes sociales:

111 Akademiak bere egitekoa amaitutzat eman du eta jarduera bertan behera utzi

Finantzaketa falta dela eta, urteroko liburu onenaren saria emateari utziko diote

111 Akademiak bere egitekoa amaitutzat eman du eta jarduera bertan behera utziArnaitz Rubio

111 Akademiak amaitutzat eman du bere jarduna eta ez da aurrerantzean aktibo izango, 29 urte luzez urteko libururik onena saritu ondoren. Halaxe jakinarazi du astearte honetan erakundeak berak ohar baten bitartez; ekainaren 5ean Miren Amurizari emandako saria izango omen da azkena, sariarekin jarraitzeko finantzaketa premia dela eta.

1997an sortu zen Beterriko Liburua izenarekin, eta ia hiru hamarkada luzez, 111 Akademiako kideek euskarazko libururik gogokoena aukeratu dute, Euskal Herri osoan zehar literaturazale eta irakurketa-sare oparoa eraikitzeaz bat. Euren jarduera amaitzea erabaki duten unean 218 akademiko ditu 111 Akademiak, eta, urtero saria emateaz gain, beste hainbat proiektu ere garatu dituzte, hala nola liburuak aurkezteko programak, 111 aldizkaria –lehen Beterriko Liburua zena– eta idazleentzako aholkularitza.

Finantzaketa arazoak

Zabaldutako oharrean jakitera eman dutenez, sariarekin ez jarraitzeko arrazoi nagusia finantzaketa arazoak izan omen dira. Azken urteotan, aurrekontua orekatu ahal izateko, zazpi diru-laguntza publiko eskatu behar izan dituztela aipatu dute. 111 Akademiatik azaldu dutenez, “ez da ahalegin faltagatik izan, urte hauetan guztietan hainbat erakunderen ateak jo baititugu; alferrik, ordea”.

Horrenbestez, sarien lehen edizioan Joxean AgirreriElgeta lanagatik luzatu zitzaion zerrendako azken aintzatespena Amurizak jasoko du Pleibak eleberriagatik. 29 urte hauetako irabazleen artean dira, besteak beste, Ur Apalategi, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Karmele Jaio eta bitan eskuratu zuen Harkaitz Cano.

Amaitzeko, urte guzti hauetan Andoaingo Udalarengandik jasotako laguntza eskertu nahi izan du 111 Akademiak, baita akademiko guztien lana ere.