Egia auzoko Ebla liburu-denda da, atzo, Gipuzkoa plazako Liburu Azokan postua zuenetako bat. Komikietan, genero literaturan, rolean eta mahai jokoetan espezializatua dagoen denda da. Eneko Sanchez da Ebla proiektuaren burua eta egun bakar batez Egiako lokala utzita, Gipuzkoa plazara bertaratu zen. Kontent agertu zen goizeko martxarekin. Salduenen artean, Iban Zaldua eta Julen Ribasen Botere handi batek euskal superheroiei buruzko komikia zegoela kontatu zion egunkari honi. Orain dela zenbait aste, gainera, Zaldua bera Eblan izan zen bere azken obra hau aurkezteko.

Hain modan dagoen, fantasia erromantikoa deritzon azpigenero horretan, aldiz, Faeris argitaletxeak kaleratzen duen Quicksilver saga deritzonaren fenomenoa aipatu zuen. Liburu mota hauen berezitasuna da, ertzak margotuta dituztela eta, gaur egun, gaztetxoen artean oso modan dagoen zerbait bihurtu da.

Azkenik, Astiberrik euskaraz argitaratzen duen haurrentzako Biga umorezko komikia salduenen artean ere izan zela kontatu zuen.

Bere ustez, “garrantzitsua da” liburu azoketan ere liburu-denda espezializatuen presentzia. “Positiboa da”, hain zuzen ere, liburu-denda jeneralisten eskaintzaz harago, beste proposamen batzuk ere badirela erakusten dutelako.