Vienako Filarmonikaren Urteberriko Kontzertuak gizonezko monopolioa apurtu zuen asteazken honetan bere errepertorioan, lehen aldiz, 85 edizio eta mila pieza baino gehiago interpretatu ondoren. Constanze Geiger (1835-1890) emakume konpositore austriarraren lan bat eskaini zuen.
Sei minutu eskas izan ziren eta historiarako geratuko dira. Laburra bezain garrantzitsua izan zen Ferdinandus-Walzer, Geigerrek 12 urterekin konposatutako balsa, 1848an estreinatua eta Strauss familiaren musika alaia nagusi izaten den errezitaldi mediatikoan protagonismoa bereganatu zuena.
Horixe izan zen Riccardo Mutik zuzendutako kontzertuak ekarritako berrikuntza, batzuentzat oso berandu izan bada ere, bals, polka eta galopa baikor eta arinekin ospatu ohi den ohiko kontzertuan.
Orain arte oso ezaguna ez zen Geigerrek protagonismoa erabat ostu zion Strauss-tarren sagari, Mutiren iritziz kalitate ikaragarrizkoa den pieza eder horrekin.
“Ez nuen bals hori aukeratu emakume baten lana zelako, bere balio artistikoagatik baizik”, esan zuen Mutik kontzertuaren atariko prentsaurrekoan.
Zuzendari italiar ospetsuak behin eta berriz esan arren ez berak ez Filarmonikak ez zutela generoa kontuan izan, ezin uka daiteke kontserbadurismoa ikur duen kontzertu hori egungo garaietara egokitzeko ahalegina argi antzematen dela erabaki hori hartzerakoan.
Musika klasikoaren munduko errezital jarraituenean Geiger sartuta –ia ehun herrialdetan ematen da–, orain arte errepertorioan emakumeen presentziarik izan ez duen eta emakume batek inoiz zuzendu ez duen kontzertuan kristalezko sabaia apurtu du.
Orkestrako kide guztien %15 baino ez dira emakumeak, eta soilik 1997tik aurrera izan zuten Filarmonikan partaide izateko aukera.
Geigerrek, konpositore eta aktore izateaz gain, harreman estua izan zuen Strauss familiarekin. Bere Ferdinandus Walzer obraren mundu mailako estreinaldia, beti miresmen handia zor ziola esan izan zuen Johann Strauss aitak zuzendu zuen.
Talentu ikaragarria eta goiztiarra erakutsi arren, Geigerrek ia erabat baztertu zuen sorkuntza lana, 25 urterekin aristokrata batekin ezkondu eta seme bakarra izan ondoren.Kontzertuaren beste protagonista handia Riccardo Muti izan zen; 83 urterekin zazpigarrenez zuzendu zuen kontzertua, bizi direnen artean emanaldi entzutetsua urte gehienetan gidatu duen zuzendari bilakatuz.
Adinari aurre egiten dion kemena erakutsi zuen maisu italiarrak, berak “malenkoniatsua eta alaia” zela deskribatu zuen musika, bere ohiko dotoreziaz eta musika horren esen-tzia nabarmendu zuen sentiberatasunez zuzenduz.
Publikoak eta filarmoniko musikariek konplizitate eta maitasun handia erakutsi zioten zuzendari italiarrari, eta urte berriko mezuan “bakea, anaitasuna eta maitasuna” opa zituen guztiontzat.
Mutik bere lorratza utzi du kon-tzertuaren hainbat une historikoetan; aurten, Geigerren balsa interpretatuta, baina tamalez, beste une goibelago batekin ere denon gogoan geratuko da betiko, 2021ean covid pandemiaren murrizketen ondorioz, besaulki-patioa hutsik zegoela zuzendu behar izan baitzuen errezitaldia.
‘Balsaren erregeak’ 200 urte
2025eko kontzertuko hirugarren protagonista nagusia Johann Strauss semea izan zen, Vienako musikaren figurarik aipagarrienetakoa, bere jaiotzaren bigarren mendeurrena dela eta.
Balsaren erregearen zortzi konposizio jo zituzten kontzertuan, Danubio urdina ren ohiko bisaz aparte, sagako gainerako egileen piezez gain.
Bere garaian egungo pop izarren moduan mundu mailako ospea izan zuen musikagilearen jaiotzeren berrehun urteak ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte Austrian zehar.
Ohikoa denez, telebistako bertsioan Vienako Operako balletaren emanaldiak eskaini zituzten tarteka, programako pieza batzuen lagungarri, aurten estreinakoz koreografiak Cathy Marston britainiarrak egin dituelarik.
Gainera, errezitaldiaren bi zatien arteko etenaldian, 2025 -A. Strauss Odyssey izeneko filma eskaini zuten, non Stanley Kubricken film ezagunean inspirazioa harturik, Thomas Straussek bere herenaitonaren, Johann Strauss semearen, obra eta bizitza arakatzen dituen.
Eta tradizioa agintzen duenez, ohiko bi eskupekoekin amaitu zen kontzertua: Danubio Urdina eta Radetzky Martxa, entzuleen txalo artean.