Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sustatzen duten Sormen Bekaren irabazlea ezagutzera eman da beste behin ere, eta dagoeneko 7 deialdi dira. Euskara jendea gaitzat hartuta esku hartze artistiko bat egitea zen aurtengo beka deialdiko zeregina, eta Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi du, Harien isla izeneko proiektuarekin. Margogintza umetatik landu izan du eta horretan oinarrituko da bere lana.
“Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galderatan oinarri hartuta landutako proiektua da”, esplikatu zuen Bazetak atzoko prentsaurrekoan.
Bestak beste, dozena bat pieza sortzeko asmoa duela aurreratu zuen, horiekin guztiekin erakusketa egin ahal izateko, hain zuzen ere, datorren urteko 60. Durangoko Azokan.
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak babesten duten Sormen Beka DA! egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da. Horren baitan irabazleak 15.000 euroko beka jasoko du. Izan ere, Nerea Mujika Gerediagako presidenteak adierazi zuen bezala sortzaile berrien bidelagun izateko sortu zen Sormen Beka. “Gazte jende asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen”.
Bestalde, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu zuen lan irabazlea Durangaldekoa izateak eskualdeko sormenaren kalitatea erakusten duela. “Euskarazko sorkuntza eta gure sortzaile gazteen lana aitortzen eta bultzatzen jarraitzeko gure konpromisoa berresten dugu”, gaineratu zuen.
Gauzak horrela, ibilbidea oparoa izaten ari da: Atopia rol jokoen egitasmoa izan zen Iehen bekaduna, eta geroztik Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus-entzunezkoa, Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana eta Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi telesaila saritu dituzte.
Benito Lertxundi
Atzoko egunak beste une hunkigarri bat utzi zuen. 18.00etan, Durangoko Azokak ateak itxi zituenean, oso ekitaldi berezia egin zen. Benito Lertxundiri esker ona adierazteko, hainbat musikari eta sortzailek Oi ama Euskal Herria abestia abestu zuten Talaian, Landako Gune osoan entzun zena, partaide eta herritarrek kantuarekin bat egiteko aukera luzatuz.
Laburrean
- Sormen Beka. Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi du aurtengo Sormen Beka. 15.000 euroko dirulaguntza izango du bere proiektua garatu ahal izateko.
- Erakusketa. Margogintza landuz dozena bat pieza sortuko ditu eta, horiekin, 60. Durangoko Azokan erakusketa egingo du Museoan.
- Zazpigarren deialdia. Bekaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztea da.