Bi multzotan zatituta dago Ameriketako Estatu Batuetako gizartea. Zinema areto batean “pelikula bat” ikusten dabil multzotako bat; besteak, aldiz, ondoan dagoen beste areto baterako txartelak erosi ditu, guztiz desberdina den beste film bat ikusteko. Bi publiko horien artean ez dago ez komunikazio, ez harremanik. Pelikula horietako batek estreinaldi zuzena du Europan ere. Hemen ikusi ahal dugu. Bestea ere, zenbait aretotan estreinatuko badute ere, agian, “ez ikusiarena egingo dugu”, hori badenik ere “ez dugulako ikusi nahi”. Berdin da, AEBz ari gara, eta hain du “grabitazio indar handia”, bertan hartzen dituzten erabakiek, ez soilik Europari, mundu guztiari eragiten dietela.

Metafora horrekin azaldu du, gaur astelehenarekin, Mikel Reparaz kazetariak (Arbizu, 1975) Atlantikoaren beste aldean jazotzen dena. Amerikaren arrakalak saiakera aurkeztu du Reparazek Donostian, Alberdaniako arduradun Oier Etxebeste eta Aritz Galarraga editore eta idazlearekin batera. “Estatu Batuak hobeto ulertzeko” saiakera da honakoa eta kazetariak berak orain dela urte pare bat argitaratutako Las grietas de America liburuaren itzulpena baino, beste zerbait ere bada: “Bertsio bat”, kontatu du Reparazek. Hain zuzen ere, jatorrizko testua euskarara ekartzeaz gain, moldatu eta eguneratu ere egin baitu. Are gehiago, iragan azaroaren 5ean inprimatu behar zuten liburua. Donald Trumpen garaipenak, ordea, atzeratu egin zituen errotatibako lanak, esan du irribarrez Reparazek.

Literatur eta, bereziki, musika aipuez beterik dagoen Amerikaren arrakalak saiakeran, Estatu Batuen gaur egungo “mosaiko orokor” bat margotu du ETBko kazetariak, hango gizartearen “bekatu originala” -hau da, “arrazakeria”- kontuan hartuta eta, jakinik, Joseba Sarrionandiak esan ohi duen bezala, “Europa, gaur egun, estatubatuarra” dela. Hain zuzen ere, ozeanoaren beste aldean hartzen diren erabakiek guregan ere eraginik badutelako idatzi zuen Reparazek obra hau. Irailaren 11ko eraso terroristen ondoren, “etorkinen”, “esklabismoaren” eta natiboen genozidioaren gainean eraikitako herrialdea gainbeheran dagoela uste du kazetariak.

Trumpismoaren olatua

Bere liburua “gidaliburu bezala” hartu litekeela uste du Reparazek. Trumpen garaipenaren inguruan, adituak azaldu duenez, AEBtako hurrengo presidenteak Alderdi Errepublikanoaren kontrola hartu du, “irentsi egin du” guztiz, trumpismoa “mainstream” bilakatuz. Bipartidismo zurruneko sistema dutenez, Demokraten aurkako boz bakarra zen Trumpena. Gaineratu duenez, botoa ematerako orduan giltzarri izan dira erlijioa, inflazioa eta langabezia, Kamala Harrisek bere alderdian ezkerreko, eskuineko eta kontserbadoreen artean lortutako batasunari gailenduz.

AEBtako mugez gaindi, trumpismoaren olatuak herrialde guztiak jo dituela iruditzen zaio Reparazek. Frantzian Le Pen, Meloni Italian eta Voxek Estatu mailan lortutako indarrak hori pentsatzera eraman dute kazetaria. “Badirudi Euskal Herrian ez duela hainbesteko eraginik izan”, esan du. Halere, etorkizun hurbilean gaur egungo erronkei egin beharko die aurre Trumpen gobernu berriak: “Zer gertatuko da Ukrainian? Eta Gaza eta Iranen? Eta Txinarekin?”. “Estatu batuetan gertatuko den guztiak indar grabitatorio izugarria izango du Europan”, esanez amaitu du, ezkor.