Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak beste lehia eder bat bizi izan du igande honetan Elgoibarren, eta Eli Pagola Apezetxea izan da irabazlea; oso saio lehiatua izan da eta eskuratu dituen 487,5 punturekin final-laurdenetarako sailkatu da zuzen zuzenean.
Urretxuko, Lasarte-Oriako eta Oihana Arana gailendu zen larunbateko Lazkaoko sailkatze-saioak atzean utzita, Elgoibarko Herriko Antzokiak hartu du final-zortzirenetako laugarren emanaldiaren lekukoa. Eli Pagola Apezetxea, Eneko Araiztegi Agirre, Iñaki Apalategi Astigarraga, Libe Goenaga Arrieta, Unai Izagirre Etxeberria eta Uxue Fernandez aritu dira nor baino nor gehiago.
Taula gainean Olatz Zuazubiskarrek egin ditu bertso-saioaren gidari lanak. Behin lan puntuagarriak amaituta, Eli Pagola Apezetxea izan da irabazlea 487,5 punturekin, eta ondorioz, zuzenean sailkatu da final-laurdenetarako, zehazki urriaren 26an Azkoitian jokatuko den bertso-saiorako. Hurrengo hitzorduak datorren asteburuan bertan izango dira Hondarribian (28) eta Andoainen (29). Datorren hilean, urriaren 5ean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Azpeitira hurbilduko da.
Udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean txartela lortutako 34 bertsolariek hartuko dute parte aurtengo edizioan, bai eta 2019ko edizioko final-laurdenetarako txartela zuten beste zortziek ere.
Txapelketa lau urtean behin jokatzen bada ere, aurten beste urtebete itxaron behar izan dugu, urteurren berezi batekin uztartzeko. Izan ere, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean egin zuten legez, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere Gipuzkoako lehen bertso eskolaren 50. urteurrena ospatzen ari baitira.
Elgoibarko saioa
- Eli Pagola Apezetxea, 487,5
- Eneko Araiztegi Agirre, 454,5
- Iñaki Apalategi Astigarraga, 451,5
- Unai Izagirre Etxeberria, 446
- Libe Goenaga Arrieta, 436
- Uxue Fernandez Lasa, 430