2023. urteko 111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko 111 Akademiak hirugarren eta azken bozketa txanda martxan jarri berri du. Antolakuntzak atzo ezagutzera eman zuenez, bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40 lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera pasatu dira: Eneko Bidegainen Bichta éder eta Karmele Jaioren Maitasun kapitala. Bi horien artean hautatu beharko dute sariduna akademiakideek apirilaren 28ra bitartean. Hilabete honen amaieran jakingo da beraz, zein izango den 2023ko 111 Akademiaren Sariaren obra irabazlea.
Jaiorena eta Bidegainen obrak bigarren fasera pasa ziren beste bost eleberrirekin lehiatu dira. Konkretuki, Castillo Suarezen Alaska, Oihane Amantegiren Cayo Hueso, Josebe Blancoren Hausnarrean, Miren Agur Meaberen Itzulerak, eta Juan Kruz Igerabideren Ura saltoka izan ziren lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten obrak.